Gimnasta kadete eta jubenilak, etxean garaile

Josu Artutxa Dorronsoro

Argazkia: Tolosa CF Gimnastika

Tolosa CF Gimnastikak antolatutako VI. CMO Valves Tolosa Torneoa jokatu da asteburuan Uzturpe frontoian; etxeko taldeak urrezko bi domina eta brontzezko bat lortu ditu.

Asteburuan, Tolosa CF Gimnastikak antolatuta, gimnastika erritmikoko VI. CMO Valves Tolosa Torneoa jokatu da Uzturpe frontoian. Maila handiko txapelketa izan da. Guztira, 73 taldetako 700 gimnasta baino gehiago izan dira Uzturpen, zazpi kategoriatan banatuta: Lehen Maila, Lehen Maila mistoa, seniorrak, juniorrak, jubenilak, kadeteak eta infantilak. Horien artean, eskualdeko lau talde izan dira: Lehen Mailako, jubenil mailako eta kadete mailako Tolosa CMO Valves taldeak eta Ibarrako Belabieta Kirol Klubeko jubenilen taldea.

Lehen Mailan, Tolosa hirugarren izan da, 48.200 punturekin, Alaia (52.000) eta Donosti (49.050) taldeen atzetik. Kadeteetan, Tolosak lortu du garaipena (23.017), Xixili (19.200) eta Boecillo taldeen aurretik (18.950); tolosarrek, gainera, saio ausartenaren aitortza jaso dute. Jubeniletan ere Tolosa izan da onena (19.917), Ipurua (18.900) eta Torrelodones P (18.717) taldeen aurretik; Belabieta, berriz, 15. izan da (15.867).

Gainerako kategoriei dagokienez, Lehen Maila mistoan, Sakoneta M (52.200) izan da txapeldun, Lagunak bigarren (52.100), eta Batistana M hirugarren (43.650). Infantil mailan, Galar S taldeak lortu du garaipena (21.250) Logroño M (21.050) eta Alaia M (21.000) taldeen aurretik. Junior mailan, Alaia taldea izan da txapeldun (21.500), Galar M bigarren (21.350) eta Ipurua hirugarren (20.350). Azkenik, senior mailan, Donosti M taldearentzat izan da garaipena (25.200), Tarrgonako Nastic sailkatu da bigarren postuan (23.800) eta Alaia taldea izan da hirugarren (23.650). Sailkapen nagusian, Tolosa CF Gimnastika izan da talde onena.

Tolosa CF Gimnastikako ordezkariek adierazi dute «asteburu berezia eta magikoa» izan dela, «intentsitate eta zirrara handikoa». Txapelketan parte hartu duten gimnastak eta prestatzaileak zoriondu dituzte, eta lehiaketa antolatzea posible egin duten babesleen laguntza eskertu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!