ELA eta LAB sindikatuetako eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek prentsaurrekoa egin dute, eguerdian, Trianguloa plazan, azaroaren 11rako etxebizitza sindikatuek, euskal gehiengo sindikalak eta herri mugimenduko hainbat eragilek deitutako etxebizitzaren aldeko Greba Orokorrean arratsaldez Tolosaldeko hainbat herritan antolatu dituzten mobilizazioen berri emateko.
Datorren asteazkenean eskualdeko sei herritan egingo dituzte mobilizazioak: Alegian, Amasa-Villabonan, Anoetan, Ibarran, Lizartzan eta Tolosan. Ekintza horietan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei, greba orokorrarekin bat egin, kaleak hartu eta langile guztientzat etxebizitza eskubidea bermatzea eskatu eta espekulazioari ezetz esateko.
Eskualdean egingo diren mobilizazioak:
- 8:00. Kalejira, denok grebara! Trianguloa plazatik abiatuta.
- Ondoren. Gosaria eta Samaniegoko aparkalekuan kotxeetan biltzea, Donostiara joateko.
- 17:30. Mobiliazioak, Alegiako, Anoetako eta Ibarrako plazetan.
- 18:30. Manifestazioa Tolosan, Trianguloa plazatik abiatuta.
Guztientzako etxebizitza eskubidea bermatzea aldarrikatu eta espekulazioari ezetz esateko deia egiteaz gain, beste hainbat aldarri atera dituzte kalera. Langileen pobretzearen aurka, soldatak igotzearen alde eta denen eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsa egin dute. «Egoera jasanezina da; langile klasea pobretzen ari da, enpresariek eta espekulatzaileek irabaziak handitzen dituzten bitartean. Izan ere, ez dira zortzi hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba egin genuela. Horregatik, kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea da», adierazi dute.
Kezka nagusi, baina posible
Nabarmendu dute etxebizitza herritarren «kezka nagusi» bihurtu dela.« Espekulatzaileek irabaziak handitzen dituzten bitartean, langileria gero eta pobreagoa da, eta gainera, gizarteko arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko arrazoi nagusi ere bilakatu da». Etxebizitzak «bermatutako eskubide publikoa» izan beharko lukeela adierazi dute, baina esan dute hori «ezinezkoa» egiten duela etxebizitzarekin egiten den negozioak. «Langileontzat pobretzen gaituen arrazoia den bitartean, espekulatzaile, errentatzaile, banketxe eta eraikuntza enpresek aberasteko aukera ikusten dute». Hori dela eta, jomugan jarri dituzte espekulazioa eta errenta-sistema. «Etxebizitza arazoa ez da eskariaren eta eskaintzaren arteko desoreka, oinarrizko behar bat merkatu espekulatzailearen eta errentatzaileen zerbitzura egotea baizik».
Guztientzako kalitatezko etxebizitza bermatzea «posible» dela esan dute, baina horretarako «ezinbestekoa» irizten dute erroko hiru transformazio bultzatzea: «batetik, espekulatzaileak desjabetzea; bestetik, jardun espekulatiboaren debekua; eta, azkenik, etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa langileriaren beharren arabera eta modu justu batean egitea».
«Seinalatu beharreko arduradunak»
Gaur egun langileriak «itoaldia» bizi duela eta, egoera hori arintzeko etxegabetze guztiak etetea eta etxebizitzaren prezioak jaistea proposatu dute. «Gaur gaurkoz, ordea, ez dago halako neurririk onartuko duen gobernurik» aitortu dute. «PSOEk gidaturiko gobernuak ez du ezer egin egoera aldatzeko, eta horretan ardura dute ere PSOEren gobernua osatzen duten alderdi guztiek. Azken hauek aurkeztutako Etxebizitza Legeak ez du eraginkortasunik erakutsi, eta kale mobilizazioak bultzatuta Espainiako Gobernuak aurkeztutako bi Errege Dekretuak ere eraginkortasun gutxiko partxeak dira. EAJ ere seinalatu behar da, etxebizitzaren negozioarekin harreman zuzenak dituen alderdia da, negoziazioetan errentismoaren interesak defendatzen dituena».
Datorren asteazkeneko Greba Orokorrean «seinalatu beharreko arduradun gehiago» daudela esan dute. «Batetik, patronala. Confebaskek eta CEN patronalek langileon prekarietatea betikotzen jarraitzen dute, eta uko egiten diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari. Bestetik, higiezinen patronalak langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen du. Eta azkenik, ardura instituzionalak. Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak negozioa indartzen duten politikak babesten dituzte, espekulatzaileen esku amaitzen duten diru laguntza eta abalak sustatuta, besteak beste. Azkenik, alderdi guztiek kudeatzen dituzten udalerrietan alternatibarik gabeko etxegabetzeak gertatzen dira».
Amaitzeko, azaroak 11ko Greba Orokorra «alderdien interesak alde batera utzi eta euskal langileria antolatzeko beharrezkoa» izango dela azpimarratu dute. Errentatzaileen aldeko politikak egiteari utzi eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako euskal esparruan aurrerapausoak emateko unea da, euskal langileon lan baldintzei eta etxebizitzari loturiko neurriak har daitezen. Gainera, langileon antolakuntza beharrezkoa izango da izan erreakzioa eta faxismoaren aurrean eskubide murrizketei aurre egiteko, baita ezker alderdiek eman ez dituzten aurrerapausoak konkistatzeko ere».
Greba Orokorrarekin bat egin duten Tolosaldeko eragileak:
- Itaia
- Etxebizitza Sindikatu Sozialista
- GKS
- Kontseilu Sozialista
- Ibarrako Gazte Asanblada
- Tolosako Gazte Asanblada
- Anoetako Gazte Asanblada
- Abargi Gazte Asanblada
- Onddo Gazte Asanblada
- TOPA
- Ernai
- Gazte feministak
- Ikama
- Sortu
- Boolo senegaldarrak
- Pentsiodunak