Atzo hasi zen Tolosan Palestinaren Astea ekimena, Leidorren egindako kontzertu berezi batekin. Oholtza gainean izan ziren, besteak beste, Juantxo eta Miren Zeberio, Antton Telleria, Ion Arruebarrena, Janus Lester, Maixa, Mirua eta Olaia Inziarte, baita gaur egun Tolosan bizi diren eta Ruh Duo bikoa osatzen duten Nur Abusama eta Ahmed Haddak musikari palestinarrak ere. Hain zuzen ere, azken bi hauek antolatu dute Palestinari elkartasuna adieraztea eta haren egoeraren inguruko kontzientzia zabaltzea helburu duen ekimena, eta azaroaren 14ra bitarte hamaika ekintza izango dira herrian. Astean zehar bildutako dirua Palestinako zenbait erakunderentzat izango da, tartean, osasun arloko ikasketak bultzatzen dituen fundazio batentzat.
Atzoko emanaldi hunkigarriaren biharamunean, Haurren Eguna ari dira ospatzen, eta goizean, oinetako bilketa egin dute Trianguloa plazan, Gazan eraildako milaka haurren omenez. Txoko bat prestatu dute, eta bertara zapata pare bana eraman dute zenbait herritarrek, haur guztiak gogoan izateko. «Lekua eta ahotsa eman nahi diegu, oraindik genozidioak bere horretan jarraitzen duelako eta haurrak erailtzen jarraitzen dutelako; ezin dugu ahaztu Gazak egoera txarrean jarraitzen duela, azpiegiturarik gabe, eta beharrezkoa dutela gure laguntza eta babesa», azaldu du Miren Zeberio Palestinaren Astea ekimeneko kideak.
Gazan eraildako haurren omenez, askotan errepikatu den leloa da gure haurrak ere badirelako. Hain justu, Haurren Egunaren barruan, arratsaldean izango da Haurren Eguneko beste ekitaldia: 17:00etan hasita, Xirribit ipuin musikatua familientzako ikuskizuna egingo dute Leidorren. Euskal Barrok Ensemble musika taldeak haren proiektua aurkeztuko du, eta emanaldian parte hartuko dute Udaberri dantza taldeak, Laskorain abesbatzak eta gonbidatu gehiagok.
Palestinaren Asteko egitaraua
- Azaroak 6, ostirala.
- 20:30. Leidor aretoa. Palestinaren aldeko kontzertua. Janus Lester, Maixa, Mirua, Olaia Inziarte, Ruh Duo eta gehiago. Antton Telleria (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Juantxo Zeberio Etxetxipia (teklatuak eta musika-zuzendaritza), Ion Arruebarrena (saxoa), Hussein Al Rob (darbuka), Miren Zeberio (biolina).
- Azaroak 7, larunbata. Haurren Eguna.
- 10:00-12:00. Trianguloa plaza. Eraildako umeen oroimenez, ekarri zapata-pare txikiak plazara.
- 17:00. Leidor aretoa. Haur eta familientzako kontzertua. Xirribit. Euskal Barrok Ensemble, Udaberri dantza taldea, Laskorain abesbatza eta gonbidatuak.
- Azaroak 9, astelehena.
- Goizez. Ikastetxeetan. Palestinaren inguruko hezkuntza eta elkarrizketa saioak DBHko 4. mailako ikasleekin, Herrikiden eta Laskorainen.
- 19:00. Leidor aretoa. Palestine 1936 filmaren proiekzioa eta solasaldia.
- Azaroak 10, asteartea.
- Goizez. Ikastetxeak. Palestinaren inguruko hezkuntza eta elkarrizketa saioak DBHko 4. mailako ikasleekin, Orixen.
- 18:00. Andragora, Emakumeen Etxea. Palestinar emakumeekin elkarrizketa-zirkuluak.
- Azaroak 11, asteazkena.
- 11:00. Leidor aretoa. Tolosako ikastetxeetako batxilergoko ikasleentzako proiekzioa: Palestine 1936.
- 20:00. Topic-en, hitzaldi-solasaldia: Teresa Aranguren, Mikel Ayestaran, Nur Haddad.
- Azaroak 12, osteguna.
- Iluntzean. Pintxopote palestinarra herriko tabernariekin elkarlanean.
- Azaroak 13, ostirala.
- Goizez. Trianguloa plaza. Ikastetxeetako haurrentzat (10 urte / LH 4) palestinar arte eta kulturan oinarritutako margo eta eskulan jarduerak.
- Azaroak 14, larunbata
- Goizez. Trianguloa plaza. Elkartasun-merkatu palestinarra: postuak bertako produktuekin, tailerrak, janaria, bilgunea, Zananna murgiltze-instalazioa…
- Goizez. Musika eta elkartasuna Tolosako kaleetan zehar: Herriko musika talde eta kantariak Tolosako kaleetan ibiliko dira palestinar herriaren omenez. Partaideak: Udaberri dantza taldeko dantzari eta musikariak, herriko txistulariak, Isidro Larrañaga musika-eskolako trikitilariak, Hodeiertz abesbatza…
- 13:00. Plaza Zaharra. Musikari eta herritarrak elkartu, eta sokadantzaren bidez, elkartasuna adieraziko zaio herri palestinarrari.
- 21:30. Fronton jatetxea. Afari solidarioa palestinar eta euskal sukaldaritza uztartuz.