2025. urteko Argizaiola argazki lehiaketako argazkiak egongo dira ikusgai Aranburu jauregian, gaurtik azaroaren 27ra arte.
Argizaiola Euskal Herriko Argazki Taldeen Federazioak antolatzen duen argazki lehiaketa da. «Lehiaketen lehiaketa» deitzen diote, aurreko urtean lehiaketa ezberdinetan hobekien sailkatutako euskal argazkilariek jasotzen baitute bertan parte hartzeko gonbidapena. Lehiaketa horietako bat Targazki Tolosaldeko Argazkilari Taldeak antolatzen duen Tolosa Herria da.
Argizaiola lehiaketan parte hartzen duten argazkilarien artean sari nagusi bat eta bi accesit ematen dira. Behin lehiaketa amaitu eta sariak banatuta, erakusketa ibiltari bat antolatzen dute saritutako argazkiekin eta parte hartu duten argazkien aukeraketa batekin. Bada, kasu honetan, Tolosara iritsi da 45. Argizaiola lehiaketari dagokion erakusketa. Igor Altuna izan zen irabazlea, eta Javier Alonsoren eta Javier Ortizen lanek jaso zuten accesita.