ELKARRIZKETA

«Peruko emakumeekin oso esperientzia hunkigarriak bizi izan ditut»

Jon Miranda Labaien

Mari Ondarzabal Iglesias antropologoa. J.M.

Medicus Mundin egin du Antropologia ikasketetako praktikaldia Mari Ondarzabalek, eta beka bati esker, Peruko Ayacuchora joan da, Manuela Ramos erakundearekin lan egitera.

Gaztetan alde egin zuen jaioterritik Mari Ondarzabal Iglesiasek (Tolosa, 1967). Frankismo garaiko giro itxitik ihesi, urteak eman zituen Mediterraneoan lanean; Balear Uharteetan aurrena, Gironako kostaldean gero. Behin Euskal Herrira, Bidasoaldera itzulita, dendari ibili da urte askoan, eta langabezian geratu eta gero erabaki du unibertsitatean matrikulatzea. Zoratzen dago esperientziarekin.

Nolaz erabaki zenuen ikasketei berrekitea?

Nik eskola gradua besterik ez nuen. Bikotekideak eman zidan ideia. Egia esan, nik ez nuen inoiz halakorik pentsatu ere egin, baina hainbeste tematu zenez, hainbeste eman zidan lata, azkenean helduen hezkuntza eskolara joan ginela informazioa jasotzera. Irunen, EPAko zuzendariak ere ezagutzen ninduen, eta hura ere hasi zitzaidan animatzen eta ikastera bultzatzen. Unibertsitatera sartzeko proba egin eta gainditu nuen. Ikasketetarako lau aukera nituen, gutxi gorabehera, eta Antropologia ikastea erabaki nuen.

Zergatik Antropologia?

 

Ni nahiko berandu konturatu nintzen feminista nintzela. Ez nintzen horretaz jabetzen, ez nion izenik jartzen. Gaztea nintzela harrapatu ninduen feminismoaren bigarren olatuak. Ordura arte, emakumeak etxekoandre eta ama izan behar zuen, eta kitto. Baina hasiak zeuden lehenengo protestak eta mugimenduak, eta orduan hasi nintzen kontzientzia hartzen.

Orduan konturatu nintzen feminista nintzela, baina bizitzak alde batetik bestera eraman nauenez, ez dut teorizatzeko eta gai honetan sakontzeko aukerarik izan. Orain bai, Antropologia ikasketekin gaian buru-belarri sartzeko aukera izan dut. EHUn, Donostiako fakultatean ikasi dut, eta genero-sisteman espezializatutako fakultatea da. Maggie Bullenek zuzenduko dit Gradu Amaierako Lana, eta hark ere ikerketa asko egin ditu feminismoaren inguruan, baita Bidasoaldeko Alardeen inguruan ere.

Zer moduzko esperientzia izan da 55 urterekin ikasten hastea?

Egia esan, abentura handi bat izan da niretzat. Errepikatzeko modukoa, benetan. Asko gustatu zait esperientzia: ikasitakoa, ikaskideekin izan ditudan harremanak, ekarri didan guztia... Ni baino askoz gazteagoa den jendearekin egon naiz, eta oso eroso sentitu naiz. Hasieran beldur nintzen, apunteak hartzen ere ez bainekien. Baina azkenean neure buruari esan nion: «Zoaz, eta ikusi zer gertatzen den. Ez zara preso egongo. Gustura ez bazaude, ez bazara ondo sentitzen, alde egin dezakezu eta UNEDen ikasi». Pausoa eman nuen eta ez zait batere damutzen.

Ikasketengatik izan duzu aukera Perura joateko. Nola sortu zitzaizun aukera?

Lau urteko gradua da Antropologiakoa, eta praktikaldia nahitaezkoa izaten da; 18 kreditu izaten dira. Praktikak eskaintzen dituzten erakundeen artean Medicus Mundi dago. Aurrez ez nuen ondo ezagutzen, baina irakurri nuen apurra gustatu zitzaidan eta lehen aukera gisa jarri nuen. Aukeratu egin ninduten eta zortekoa sentitzen naiz. Medicus Mundikoa talde zoragarria da, benetan, eta merezi du erakundearen barruan nola harremantzen diren eta lana nola egiten duten ikustea.

Praktikaldian Sexualitatea, generoa eta garapena izeneko ikastaro batean parte hartzeko aukera izan nuen, ez soilik entzule bezala, hizlariei harrera egiten eta antolakuntzan ere jardun nuen. Han entzun nuen lehenengo aldiz Peruko Manuela Ramos mugimendua bazela. Hasieratik interesa agertu nuen. Erakunde horren proiektuak Euskal Herritik finantzatzen dira; Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere laguntzen dute diruz, eta bekak ateratzen dituzte hara joateko. Eskaera eta motibazio gutuna aurkeztu eta aukeratu egin ninduten. Lau lagun joan ginen hara: bi Limara eta beste bi Ayacuchora.

Nola antolatzen da Manuela Ramos erakundea?

Historia luzea du, 45 urte baino gehiagokoa. Peru osoan dago hedatuta eta Liman dute egoitza nagusia. Gero, hainbat probintziatan egiten dute lan. Indarkeriarik gabeko bizitza baten alde egiten dute lan, eskubide sexual eta erreproduktiboen alde, eta emakumeen burujabetza ekonomikoa eta partaidetza politikoa bultzatzen dituzte.

Zuek Ayacuchon egon zineten. Non dago kokatuta?

Peruko Andeetan dago, eta kitxua hiztunak dira zonalde horretan. Departamendu osoari ere Ayacucho deitzen zaio, baina gu hirian izan ginen. Hiri dezente handia da, 350.000 biztanle inguru ditu. 2.700 metro inguruko altueran dago, eta pobrezia-maila nahiko altua du. Hiri koloniala da, espainiarrak 1500. urte inguruan iritsi ondoren sortutakoa. Historia handia du hiriak, bertan independentziaren aldeko borroka esanguratsua egin baitzen XIX. mendearen hasieran. Eta, berrikiago, biolentziak gogor astindu du ingurunea 1980ko hamarkadan; Sendero Luminoso taldeko buru zen Abimael Guzman, esaterako, Ayacuchoko unibertsitateko irakaslea zen.

Emakume asko dago antolatuta Manuela Ramos erakundean?

Egia esan, aktibismo handia dute, eta lan-karga izugarria. Sei langile finko dituzte Ayacuchon, eta gero boluntario-sare zabala dute. Poza ematen du haien grina ikusteak. Guk bi hilabete pasa genituen eta landa-lanean aritu ginen haiekin batera hainbat jardueratan. Adibidez, eskoletara joaten ginen, haur eta nerabeekin lan egitera, neska-mutilekin. Sexu-hezkuntzari buruzko gida batzuk dituzte, eta horien bidez tailerrak diseinatu eta ikastetxeetan lantzen dituzte. Horrelako programak martxan jartzeko, ordea, ez dute estatuaren aldetik laguntza handirik izaten.

Guk emakume hauetako batzuekin egin genuen lan, eta feminismoaren garrantziaz ohartarazteko tailerrak eman genizkien. Horietako batean, maitasun erromantikoaren mitoei buruz aritu ginen haiekin. Nirekin joan zen kideak Filosofia ikasketak ere baditu, eta erreferente feministen inguruan aritu zen hango emakumeekin: filosofoak, pentsalariak...

Hirian egin zenuten lan bakarrik?

Nagusiki bai, baina Andeetako hiru landa-herritan ere esku-hartze bat egin genuen. Oso isolatuta dauden komunitateak dira, eta han Caminemos juntas y seguras izeneko programa eramaten dute aurrera. Zaurgarritasun-egoera handian dauden neskak dira, familia barruko indarkeria eta, maiz, sexu-indarkeria pairatzen dutenak. Haientzako espazio seguruak sortzen saiatzen dira, neska horiek beren proiektuak garatu ditzaten, trebatu eta autoestimua indartzen segi dezaten.

Indarkeria handiko eremua da?

Bai. Bortxaketa asko egoten dira eta nerabeen nahigabeko haurdunaldiak asko dira. 14 urtetik beherako neska asko ama izaten dira. Abortu terapeutikoa legezkoa den arren, osasun-zerbitzuek ez dute erraz aplikatzen. Ideologia oso kontserbadorea eta eskuindarra dute. Keiko Fujimoriren gobernu berria hasi da hainbat eskubide fiskalizatzen. Bizitza ezinezkoa egiten ari zaizkie.

Indarkeria matxista hemen baino handiagoa da?

Ez dakit esaten. Agerikoagoa da behintzat. Emakumeen aurkako indarkeria sozialki onartutako kontua da. Aipatu ziguten gizonen % 70ak bortxaketak justifikatu egiten dituztela. Biktimari egozten diote errua: behar ez zuen lekuan zegoelako, modu jakin batean jantzita zihoalako. Horrelako argudioak erabiltzen dituzte, baina pentsatzen jarrita hemengotik ez da oso diferentea. Guk hori bera bizi izan genuen La Manadaren kasuan edo Nagore Laffageren hilketarekin.

Kontzientzia handiko emakumeak ezagutu dituzue?

Bai, eta hainbat adinetakoak gainera. Gertatzen dena da sistemarekin talka egiten dutela. Politikariak ustez aintzat hartzen dituzte emakume hauen eskakizunak, baina gero konturatzen zara tramite hutsa dela. Espedientea betetzen ariko balira bezala da, eta horrek etsipena ematen dizu.

Zein sentsaziorekin itzuli zara Euskal Herrira?

Asko mindu ninduen hain errealitate bortitza eta pobrea aurkitzeak. Askotan esaten genien: «Nolaz ez duzue urrats handiagoa ematen? Zergatik hain jarrera formala? Zergatik ez dituzue barrikadak jartzen edo borroka handiagoa egiten?». Baina haien testuingurua ulertu behar da. Beldur handiarekin bizi dira. Kontatu ziguten 2021ean, gobernu-aldaketagatik manifestazio bat antolatu, eta hamar hildako ere izan zirela. Poliziak tiroka hartu zituen manifestariak. Zaurituek gainera, ezin izan zuten ospitalera joan errepresalien beldur zirelako. Kontu handiarekin ibiltzen dira. Borroka egiten dute, bai, baina muga batzuen barruan mugitzen saiatzen dira beti.

Aurrerapausoak ematen ari direla uste duzu?

Bai, pixkanakakoak baina bai. Maskulinitateari buruzko tailerrak antolatzen dituzte, egungo maskulinitate eredu hori deseraikitzeko, eta horretan eragiten saiatzen dira. Hainbat mikro-proiektu ere badituzte, eta horietako bat Café para todas izenekoa da. Neska-mutilei lan-ildo bat proposatzen diete eta beraiek diseinatu behar izaten dute proiektu bat. Kultur arloko gauzak lantzen dituzte. Oso esperientzia ederrak dira.

«Emakume bat beste bati lotzen zaio, eta horrela osatzen da sarea»

Kohesionatutako talde bat topatu zenuten?

Bai, oso elkartuta daude. Tailerrak eta trebakuntzak banaka egiten dituzten arren, badaude denak elkartzen diren uneak ere. Oso hunkigarria da hori ikustea. Ia 80 urteko emakumeak ikusten dituzu, indar handiz, guztion eskubideen alde borrokan, gizarte berdinzaleago bat aldarrikatzen. Emakumeak trebatzeko egiten dituzten saio horien bidez, sarea osatzen dute. Agian ez dira asko hasieran, baina emakume bat beste bati lotzen zaio, eta horrela joaten da sarea osatzen. Trebakuntza jaso duten emakumeek ulertzen dute jasaten duten indarkeria ez dela naturala, ezin dela onartu etxean edo beste edozein lekutan horrelako menderakuntza.

 

«Trebakuntzaren bidez ulertzen dute indarkeria ez dela naturala»

Orain, Gradu Amaierako Lana aurkeztu beharko duzu.

Bai. Hain justu, Perun bizi izan dudan esperientziarekin idatziko dut lana. Han nengoela dokumentazioa bildu nuen eta hiru elkarrizketa ere egin nituen. Badakit gutxi gorabehera nola bideratu. Bibliografia osatu eta idazketan hasiko naiz laster. Otsailean ez bada, ekainean aurkezteko asmoa dut.

Zeintzuk dira zure asmoak aurrera begira?

Ez dizkiot neure buruari gauza asko planteatzen, datorrena datorrela. Dena den, erretiroa hartu bitarteko urteetan lanean aritu beharko dut, antropologiaren arloan ez bada beste zerbaitetan. Orain, adibidez, Ikertalde kontsultoria taldearekin lanean ari naiz, etxebizitza hutsen inguruko lanketa bat egiten Irunen. Ikasketekin gertatu bezala, inoiz ez nuen pentsatuko honetan arituko nintzenik, baina bizitzan horrelako gauza kurioso asko pasatu izan zaizkit.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!