Tolosako Udalak irmoki arbuiatu du bart gauean Udaltzaingoaren aurka izandako erasoa

Andre Maria kalearen atzealdean izan da agenteen aurkako erasoa. Udalak elkartasuna eta babesa azaldu dizkie agenteei.

Tolosako Udalak erabateko arbuioa adierazi du bart gauean Andre Maria kalearen atzealdean Tolosako Udaltzaingoko agenteen aurka izandako erasoaren aurrean. «Indarkeriazko edozein jokabide onartezina da, eta kasu honetan udal langileen aurkakoa, herritarren segurtasuna eta elkarbizitza bermatzeko ardura duten profesionalen aurkakoa, hain zuzen ere». Udalak elkartasuna eta babes osoa helarazi nahi dizkie erasoa jasan duten agenteei, eta eskerrak eman nahi dizkie eguneroko lanean herritarren zerbitzura aritzen diren udal langile guztiei.

Tolosako Udalak azaldu du bizikidetzaren, elkarrekiko errespetuaren eta elkarrizketaren aldeko konpromisoa berresten duela. «Tolosak elkarbizitzan oinarritutako herria izaten jarraitu nahi du, desadostasunak eta gatazkak betiere errespetuz, elkarrizketaren bidez eta bide baketsuak erabilita kudeatzen dituena», esan dute. Ildo horretan, udalak herritar guztiei dei egin die errespetuan, arduran eta elkarbizitzan oinarritutako jarrerak sustatzera, «guztion artean Tolosa seguruagoa, kohesionatuagoa eta bizikidetzan oinarritutako herria izan dadin».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!