Elkarrizketa

«Normalizatu egin dugu egun batean 20 kilometro egitea»

Josu Artutxa Dorronsoro

Igandean Behobiako irteera puntuan izango dira Ane Gibelalde, Jone Galan eta Maider Jauregi tolosarrak, eta Donostiara iristea dute helburu. Probarako prestakuntza-prozesua oso bestelakoa izan da hiruren kasuan.

29.301 lasterkarik parte hartuko dute igandean 61. Behobia-Donostia lasterketan. Ane Gibelalde, Jone Galan eta Maider Jauregi tolosarrak dira horietako hiru. Lehen biek laugarren aldiz egingo dute, eta erritmo jakin batean joatea dute helburu; Galanek, gainera, ama izan eta gero, prozesu gogor bat igaro du proba prestatzeko. Jauregik, bestalde, gozamenetik egin nahi du.

Lasterketarako egun gutxiren faltan, urduri zaudete?

Maider Jauregi: Egia esan, ez, baina, batez ere, gozatzea delako nire helburua. Hala ere, beti izaten dut urduritasun puntu bat lasterketen aurretik.

Jone Galan: Gogotsu nago, prozesu luze baten azken pausoa izango delako. Ama izan eta bi hilabetera hartu nuen aurtengo lasterketarako dortsala, eta aurtengo erronka nagusi modura ezarri nuen.

Ane Gibelalde: Ni nahiko urduri nago, eta ez nuen espero hala egotea. Orain arte nahiko lasai egon naiz, baina inoiz baino gutxiago entrenatu dut.

Zergatik parte hartuko duzue lasterketan?

Jauregi: Jonek bere prozesua izan duen moduan, nik nirea izan dut. Zaletasun modura hasi nintzen korrika, baina mendian. Zazpibide Trail mendi lasterketan eta errepideko bi maratoi erditan parte hartu dut aurten. Gero, Behobia egiteko aukera suertatu zitzaidan, eta aprobetxatzea erabaki nuen.

Galan: Ama izan ondoren, helburu bat jarri nahi nion nire buruari. Horrez gain, gehien gustatzen zaidan lasterketa da.

Gibelalde: Gustuko dut korrika egitea, eta asko gozatzen dut, baina helburu bat jarri ezean, lanak izaten ditut entrenatzeko errutina bat mantentzeko. Lasterketa hau helburu polita da edonorentzat.

Zer helburu duzue?

Galan: Ane eta bion helburua aldatzen joan da. Duela gutxi, entrenatzaileak elkarrekin egitera animatu gintuen. Ilusio handia dugu, beti elkarrekin entrenatzen dugulako, eta beti pentsatu izan dugulako polita litzatekeela elkarrekin egitea.

Gibelalde: Ni, gainera, Jonerengatik hasi nintzen korrika. Aurtengoa berezia izango da, izan duen prozesuagatik.

Jauregi: Gozatu egin nahi dut. Bidean senideekin eta lagunekin topo egin, zaleen animoak entzun eta helmugaraino iristea, ez dut besterik buruan.

Nola prestatzen da Behobia, edo zuek behintzat prestaketa bereziren bat egin duzue?

Jauregi: Mendi lasterketez gain, astean bizpahiru egunetan joaten naiz korrika egitera eta beste bitan gimnasiora. Ezinbestekoa da saiatua izatea, aste eta entrenamendu guztiak ez direlako berdinak.

Galan: Esango nuke Ane eta biok ohituago gaudela halako distantziako lasterketak egitera. Hortaz, beste bat gehiago izango da, eta aurrekoetako prestakuntza berdina mantendu dugu. Azken astean karga gutxiagoko entrenamenduak egiten ari gara.

Jone, ama izan ondoren, erraza izan da berriro korrika hasi eta lasterketa prestatzea?

Galan: Ez. Zaila eta gogorra izan da, zerotik hastea bezala. Hala ere, gustuko dut korrika egitea, eta baita nire buruari erronkak jartzea ere, eta horrek motibatu nau. Merezi izan du.

Maider zer galdetu nahiko zenieke lasterketa dagoeneko hiru aldiz egin dutenei?

Jauregi: Esaten da lasterketa luzeetan alor mentala oso garrantzitsua dela. Horregatik, jakin nahiko nuke ea jendea egoten den animatzen.

Galan: Bazter guztietan izaten da norbait animoak ematen. Ikaragarria da.

Zuek, Jone eta Ane, zer aholku emango zeniokete?

Galan: Gozatu dezala.

Gibelalde: Oharkabean helduko zara helmugara. Guztiok egin dugu, beraz, ez zara gutxiago izango.

Zer du proba honek hainbeste lasterkari erakartzeko?

Galan: Gehienbat, mugitzen duen jendetza; uneoro dagoela norbait zu animatzen. Bestetik, ibilbidea ere polita da.

Gibelalde: Hasieratik da polita. Irteeran korrikalari mordoa izaten da, eta guztiak animatuta egoten dira.

Gaur egun posible al da proba batean lasaitasunez gozatzea, edo «herrikoi» etiketa duten geroz eta lasterketa gutxiago daude?

Gibelalde: Posible da, baina gaur egun presio sozial handia dago. Normalizatu egin dugu egun batean 20 kilometro egitea; gero, gainera, inguruko denek jakin nahi dute egin duzun denbora eta markatutako erritmoa. Lehen, egite hutsa ikaragarria zen.

Galan: Geroz eta jende gehiagok egiten du korrika, eta, ondorioz, maila asko igo da.

Jauregi: Nik, askotan, erlojurik gabe entrenatzen dut, sentsazioen araberako erritmoan.

Emakumeen parte hartzeak gora egin du zenbait lasterketetan. Hiru Hondartzatakoan, esaterako, gizonak baino gehiago izan zineten. Zer transmititzen dizue horrek?

Jauregi: Indarra eta ahalduntzea, guk gure buruarekiko konfiantza indartzeko eta ahal dugula sinetsarazteko.

Gibelalde: Ilusio handia. Gustuko dut emakume gehiagorekin topo egitea lasterketetan. Motibagarria da.

Galan: Entrenatzeko ere oso lagungarria da. Nik, behintzat, lagun asko egin ditut entrenamendu eta lasterketetan. Geroz eta gehiago animatuz gero, guretzako mesede.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!