Gazta eta esnekien festa izango da asteburuko protagonista

Esneki azokan Euskal Herriko 35 gaztandegitako 91 produktu lehiatuko dira larunbatean, eta 28 ekoizleren eskaintza berezia bilduko du azoka bereziak.

Esneki Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Bereziaren bosgarren edizioa asteburuan egingo da Tolosan, Tolosako Udalak, HAZIk eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta Basque Culinary Center, Mantala, Esneki Zentroa Leartiker, EFRIFE, GIFE, Euskal Esnekigileak eta Tolomendi laguntzaile dituela. 

Aurtengo egitaraua gaur aurkeztu dute Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Merkataritza, Azoka eta Turismoko zinegotziak, Malen Sarasua Leartiker Esneki Zentroko arduradunak, Imanol Zubelzu Mantala Basque Gastronomyko arduradunak, Eneko Dorronsoro Gipuzkoako Frisoi Elkarteko (GIFE) ordezkariak eta Iker Karrera Tolomendiko ordezkariak.

Agirresarobek nabarmendu du Esnekik ekoizleen eta herritarren arteko harremana sendotzeko duen garrantzia: «Esneki ez da gazta eta esnekien azoka bat soilik. Euskal Herriko ekoizleen aniztasuna, kalitatea eta aberastasuna ezagutarazteko ekimena da. Era berean, gure lehen sektoreari, tokiko ekoizleei eta landa eremuari babesa eta ikusgarritasuna emateko ekimena ere bada».

Honela, bi eguneko egitaraua izango du: ostiralean, sektoreko profesionalei zuzendutako jardunaldi teknikoa eta haurrentzako jarduerak egingo dira; eta larunbatean, berriz, Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurten V. Txapelketa, eta Gazta eta Esnekien V. Azoka Berezia izango dira protagonista, dastaketa gidatuekin eta bestelako erakustaldiekin batera.

Jardunaldiak eta tailerrak

Esnekiren egitaraua ostiralean hasiko da, 10:00etan kultur etxean egingo den jardunaldi teknikoarekin. Ekoizleei eta ekintzaileei zuzendutako saioa izango da, esnekigintzaren inguruko ezagutza partekatzeko eta sektorearen garapenari lotutako gaiak lantzeko. Hain justu, honen helburua «gaztandegi artisauen jasangarritasunaz, merkaturatzeaz eta belaunaldi aldaketaz hitz egitea» izango dela jakinarazi du Sarasuak. 

Arratsaldean, berriz, haurrentzako bi jarduera antolatu dira, 5 eta 7 urte arteko umeentzat gomendagarriak direnak: batetik, Esnetan esperientzia hezigarria, 18:00etan, Alondegian, non behiak jezteko simulagailua jarriko den, eta, esnearen inguruko azalpenak jasoko diren; eta bestetik, Errapetik ahorainoko bidea sukaldaritza-tailerra, 18:45ean, Beotibar pilotalekuan, non esnekiak eraldatzen erakutsiko den. Lehenengo jarduera irekia izango da; bigarrenean parte hartzeko, berriz, aurrez izena eman beharko da Esneki.eus webgunean.

Txapelketa eta azoka

Larunbatean, Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurten V. Txapelketa egingo da Beotibar pilotalekuan. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako produktuak biltzen dituen lehiaketan, 35 gaztandegitako 91 produktu aurkeztuko dira aurten, eta zortzi kategoriatan banatuta egongo direla azaldu du Sarasuak: «Batetik, jogurta eta esne freskoa izango ditugu, eta bestetik, sei gazta kategoria ezberdin egongo dira, denak norberaren esnearekin ekoiztutako gaztak direlarik. Ondorengoak izango dira: gazta freskoak, pasta bigunak, urdinak, behi gazta ondua, ahuntz gazta ondua eta ardi gazta ondua».

Elikagaien sektoreko 20 profesionalek osatutako epaimahaiak produktuen itxura, testura, usaina eta zaporea baloratuko ditu 10:00etatik aurrera. Epaimahaiak gaztak dastatu eta baloratu ahala, publikoaren artean banatuko dira, probatzeko, 11:00etatik aurrera. Sari banaketa 13:00etan egingo da, Beotibar pilotalekuan bertan.

Txapelketarekin batera, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien V. Azoka Berezia egingo da Trianguloa plazan. 28 postu izango dira aurten, eta bisitariek askotariko gaztak eta esnekiak ezagutu, dastatu eta zuzenean ekoizleei erosteko aukera izango dute, 09:00etatik aurrera.

Horrez gain, aurreko edizioetan harrera ona izan duen Euskal Herriko Gazta Mahaia ere antolatuko da Beotibar pilotalekuan. Leartikerreko adituek gidatutako dastaketak 10:00etatik aurrera egingo dira, 4 txandatan, eta hainbat gazta motaren ezaugarriak ezagutzeko aukera eskainiko dute. Saioetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da Esneki.eus webgunean, eta txartelak 8 euro balioko du.

Honen helburua gaur egun Euskal Herrian dauden «gazta aniztasuna bistaratzea» dela esan du Sarasuak, «eta jendeari erakustea gazta mota bakoitzaren ezaugarriak eta gaur egungo errealitatea zein den». Urtero saioaren «erantzun maila oso ona» izaten dela zehaztu du, «jendeak Euskal Herrian dugun gazten barietatearekin gozatu egiten duelako».

Frisoi txapelketarik ez

Aurten ere ez da Frisoi Txapelketa egingo, abeltzaintzaren osasunarekin lotutako arrazoi tekniko eta sanitarioengatik. Txapelketa ez antolatzeko erabakia animalien osasuna eta ongizatea lehenesteko prebentzio-irizpideei jarraituz hartu dela jakinarazi du Dorronsorok. Hala ere, frisoi arrazako behiek presentzia izango dute Esnekiren egitarauan. 

Ostiralean, behiak jezteko simulagailua jartzeaz gain, larunbatean, 11:00etatik aurrera, Frisoi behiak ileapaindegian erakustaldia egingo da Alondegi plazan. Jarduera horren bidez, bisitariek aukera izango dute animalien prestaketa eta zaintzarekin lotutako lanak gertutik ezagutzeko. Horretarako, Euskal Herri eta Europa mailako txapelketetan prestaketa lanetan parte hartzen duten gazte baserritarrak etorriko dira lan horiek egitera.

Egitarau osoa eta izen-emateei buruzko informazio gehiago Esneki.eus webgunean dago eskuragarri. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!