Judo Klub Tolosako judokek bi txapelketatan parte hartu zuten larunbatean, eta emaitza onak lortu zituzten. Batetik, Shiai borroka modalitateko absolutu mailako Alex Etxart (-60 kilo) eta Enara Leunda (-48 kilo), Iruñean jokatu zen Espainiako Txapelketaren Iparraldeko Sektoreko Fasean aritu ziren, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan emaitza bikainak lortu ondoren.
Etxartek maila handiko judokak izan zituen aurkari. Lehen kanporaketan garaipena lortu eta gero, borrokalari indartsuenetako baten aurka –gerora, bigarren postuan amaitu zuen– aritu zen bigarrenean. Bikain borrokatu arren, puntuengatik galdu zuen. Bigarren aukeran, brontzezko dominaren borrokarako kanporaketa jokatu zuen esperientzia handiagoko judoka baten aurka; lau minutuko borrokan berdindu ondoren, urrezko teknikan galdu zuen. Azkenean, zazpigarren izan zen.
Leunda liga itxiko formatuan lehiatu zen, eta bi aurkari gogorren aurka neurtu zituen indarrak. Lehen borrokan, gogotsu aritu arren, gerora txapeldun izan zen borrokalariaren aurka galdu zuen. Bigarrenean, ordea, garaipena lortu zuen, itotze baten bidez, eta azkenean, bigarren izan zen. Zilarrezko domina lortzeaz gain, azaroaren 28an Lugon jokatuko den Espainiako Txapelketara sailkatzea lortu du.
Urrea, katan
Bestetik, kata modalitateko Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri judokak Espainiako Superkopan lehiatu ziren, Caceresen, urrezko domina eskuratu eta ranking nazionalean puntu sorta ederra biltzeko helburuarekin. Unai Saralegik eta Unai Regillagak ezin izan zuten parte hartu, lesio baten ondorioz.
Bi judokak beldurrik gabe lehiatu ziren, eta lehen postuan sailkatu ziren kanporaketan eta finalean. Emaitza honi esker, puntu asko batu dituzte, eta konfiantza berreskuratu dute, munduko txapelketako emaitzaren ondoren. Abenduaren 13an Arganda del Reyn (Madril) jokatuko den Espainiako Txapelketa izango da hurrengo lehia.
