Ostegunean aurkeztu zuten Migel Soroa pilotari historikoaren oroimenezko eskuz binakako pilota txapelketaren hamahirugarren edizioa, Tolosan. Ekitaldi hartan, munduko txapelketan dominak lortu zituzten euskal selekzioko hiru pilotari omendu zituzten. Igandean, berriz, Beotibar pilotalekuan izan ziren txapelketako lehen partidak.
Guztira, 24 bikotek hasi zuten lehia, hiru mailatan banatuta: promesak, lehen maila eta eliteak. Bi multzo osatu dituzte maila bakoitzean, eta multzo bakoitzean hiru bikote izango dira, baina oraingoz maila bakoitzean bost bikotek dute ziurtatuta multzoen fasea jokatzeko txartela.
Izan ere, igandeko aurre-kanporaketetan jakin zen zein hiru bikotek lortu zituzten maila bakoitzeko A multzoetarako txartelak. Promesa mailan, Madina-Carrera bikoteak 18-14 hartu zuen mendean Oses-Okiñena bikoa. Lehen Mailakoan, Ibarluzeak eta Goiburuk 22-13 irabazi zieten Tolosari eta Leoneti. Elite mailakoa izan zen jaialdiko partida onena. Julen Alberdi-Balerdi bikoteak 22-17 irabazi zion Beitia-Erle bikoteari. Oso ondo jokatu zuten laurek, eta markagailua parekatua izan zen uneoro.
Bestalde, igande honetako aurre-kanporaketetan jakingo da zeintzuk diren maila bakoitzeko B multzoetara sailkatuko diren hirugarren eta azken bikoteak. Promesa mailan, Landa-Castro eta Salaberria-Salaberria bikoteak ariko dira elkarren aurka. Lehen Mailan, Uriarte-Segurola eta Ibarra-Garaño bikoteek jokatuko dute. Azkenik, Ramirez-Santesteban eta Arribillaga-Canseco bikoteen artekoa izango da elite mailako partida.
Abenduaren 20ra bitarte, igandero izango dira multzoen faseko partidak Beotibarren. Multzo bakoitzetik bi bikote onenak sailkatuko dira finalerdietara, eta abenduaren 27an eta urtarrilaren 2an jokatuko dituzte finalera sailkatzeko partidak. Finalak, berriz, urtarrilaren 9an izango dira. Finalak izan ezik, igandeetan izango dira gainerako partida guztiak. Jaialdiak 16:30ean hasiko dira, eta maila bakoitzeko partida bana jokatuko da.