Palestinako herriari elkartasuna adierazteko hainbat kultur jarduera antolatu dituzte Tolosan, bihartik 14ra bitartean. Egitaraua Tolosan bizi diren Nur Abusama eta Ahmed Haddak palestinarrek antolatu dute, herriko zenbait musikariren, eragileren eta udalaren laguntzarekin.
Egitarauaren barruan, elkartasunezko kontzertu berezia egingo dute bihar, Leidorren, 20:30ean hasita, hainbat artistaren parte hartzearekin. Miren Zeberio musikariak parte hartuko du eta azaldu duenez, proposamenak «esanahi berezia» du, «Palestinako gatazkaren ondorioz milaka haur hiltzen ari direlako eta beste hainbatek haurtzaroa galtzen dutelako».
Zeberio biolinean ariko da, eta berarekin batera izango dira Itsaso Etxebeste baxuan, Antton Telleria baterian, Juantxo Zeberio teklatuetan eta moldaketetan, Hussein Al Rob darbukan eta Jon Arruabarrena saxofoian. Horrez gain, beste hainbat artista igoko dira oholtzara, hala nola, Janus Lester, Maixa, Mirua, Olaia Inziarte eta Ruh Duo. Sarrerak salgai daude Leidorren eta interneten.
Ekitaldi koloretsua
Larunbatean, berriz, haurren eguna ospatuko dute, eta 10:00etatik 12:00etara ekitaldia egingo dute Trianguloan. Hildako haur palestinar guztiak oroitzeko, etxean dituzten zapata pareak eramateko deia egin diete herritarrei. Zapata horiek bilduko dituzte, hildako haurren oroimenezko ekimen batean. Egun horretan, gainera, haur eta familientzako beste kontzertu bat ere izango da. Hain justu, urte hasieran, Euskal Barrok Ensemble taldearen izenean, Zeberiok eta Enrike Solinisek Xirribit disko-liburua argitaratu zuten, eta larunbat arratsaldean aurkeztuko dute, 17:00etan, Leidorren.
Haur eta gazteen musika panoramari «kolore gehiago» emateko helburuz, euskal mitologia eta antzinako musika uztartzen dituen ipuin-musikatua da Xirribit. «Ipuin hau Gaza eta Palestinako umeei eskaintza berezia egiteko atera genuen, gatazka izugarri horretan haurrak direlako kaltetuenak», azaldu du Zeberiok.
Kontzertuaren berezitasunetako bat herriko haurrek izango duten parte-hartzea da. Laskorain abesbatza eta Udaberriko dantzari txikiak bertan izango dira, ekitaldiari kolorea eta herri-giroa emateko. Zeberioren esanetan, «festa egin ezin duten horientzat egingo dugu guk haien gogoan».
Musikaren bidez belaunaldi gazteen artean munduaren ikuspegi zabalagoa sustatzeko aukera ere ikusten du Solinisek: «Gaztetatik erakusten bada mundu mailan musika mota asko daudela, horrekin agian umeen ikuspegia askoz zabalagoa izango da». Halaber, kontzertuaren bidez musika eta kulturaren aniztasuna ikustarazten ari direla uste du.
Astebete iraungo du egitarauak, eta denetariko jarduerak egingo dituzte; proiekzioak, hitzaldiak edota haurrentzako tailerrak izango dira. Musika, dantza eta herritarren parte-hartzea ardatz hartuta, Palestinako haurrei elkartasuna adierazteko eta haien egoera gogoan izateko gonbita egin dute.