Uztaila baino lehenagoko TAO txartelak berritu egin behar dira

Tolosako Udalak aparkaleku arautuaren ordenantza berritu zuen uztailaren 8an. Horregatik, data hori baino lehenagoko TAO txartelak dituzten herritarrek berriro egin beharko dituzte.

Tolosako Udalak aparkatze arautuaren ordenantza berria onartu du. Ordenantza berriaren ondorioz, egoiliarren TAO txartela eskuratzeko eta mantentzeko baldintzak aldatu egin dira, eta horregatik, beharrezkoa da txartela berritzea. Uztailaren 8an sartu zen indarrean ordenantza, eta beraz, data horretatik hona egindako eskaera berriei ez die eragiten neurriak, baina bai lehenagokoek; horiek txartela berritu behar dute, haren abantailekin jarraitzeko.

Txartela berritu behar duten bizilagunek gutuna jasoko dute etxean, azaroan zehar. Gutunak multzoka bidaliko dituzte, beraz, batzuek lehenago eta beste batzuek geroago jasoko dute; azaroaren amaierarako gutunik jaso ez, baina uztailaren 8a baino lehen ateratako txartela izanez gero, udalarekin jarri behar dira harremanetan (tao@tolosa.eus edo 943 65 44 66).

Behin gutuna jasota, eskaerarekin has daiteke herritarra. Gutunak tramitazioa egiteko beharrezko pausoak azaltzen ditu eta eskaera-orria ere badakar: eskaera-orri horren zati bat beteta egongo da jadanik, prozesua errazteko. Datuak berrikusi, hala badagokio informazioa osatu edo zuzendu, eta sinatuta, aurkeztu egin beharko da. 

Abenduaren 30a baino lehen

Eskaera-orria Internetez aurkeztea gomendatu du ualak, Tolosako Udaleko egoitza elektronikotik. Aurrez aurre aurkezteko aukera ere egongo da, Udate Herritarren Arreta Zerbitzuan, eta hala egiten dutenetatik lehentasuna izango dute tolosa.eus webgunean hitzordua hartzen dutenek. Hitzordurik hartu ezean, ezin izango dute momentu horretarako arreta bermatu.

Behin gutuna jasota, eskaera lehenbailehen egitea gomendatzen da; abenduaren 30era arteko epea izango da. Ordurako aurkezten ez bada, udalak ofizioz baja emango dio ordura arteko egoiliarren TAO txartelari.

Bete beharreko baldintzak

Uztailaren 8an indarrean sartu zen ordenantzak aparkalekuen kudeaketa eraginkorragoa izatea bermatu nahi du, baliabide mugatu baten banaketa bidezkoagoa sustatuta eta hiri-kalitatea zein irisgarritasuna hobetuta.

Egoiliarren TAO txartelak aukera ematen du erroldaren arabera dagokion gunean aparkatzeko, betiere sektorearen (kolorearen) baldintzak errespetatuz. Alde Zaharra oinezkoentzako gune bihurtu denez, Alde Zaharreko bizilagunei beste zonetan aparkatzeko aukera ere ematen zaie. Erroldatuta dauden gunerako txartela eskuratzeko aukera izango dute herritarrek, baldin eta gune horretan garajerik ez badute. Gainera, etxebizitza bakoitzeko ibilgailu bat baino gehiagorako txartela eskuratzeko aukera ere izango da, baldin eta ibilgailu horietako bakoitza gidabaimen bati lotuta badago; hau da, txartel bat ibilgailu bakoitzeko eta ibilgailu bakoitza gidabaimen bati lotuta. Edonola ere, eskaera autoaren jabeak edo titularrak egin behar du. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!