Pasaban enpresako zuzendaritzak zortzi langile kaleratu ditu, eta lankideek mobilizazioak iragarri dituzte

Enpresak 116 langileetatik zortzi kaleratu ditu, plantillaren % 7. Langileek kaleratutakoen itzulera eta kaleratze gehiagorik ez izatea eskatuko dute azarotik aurrera egingo dituzten mobilizazioetan.

Pasaban enpresako langileek mobilizazio egutegia adostu dute enpresak gauzatutako zortzi kaleratzeei erantzuteko. Urriaren 26an, astelehenean, enpresako zuzendaritzarekin egindako bileran jakinarazi zien enpresak 116 langileetatik zortzi kaleratuko zituela, hau da, plantillaren % 7.

Langileen ordezkariek adierazi dutenez, kaleratzeek harridura eragin zieten. Enpresak aurretik ere urte zaila izango zela jakinarazi zien arren, azken hilabetean gero eta maizago adierazi zien egoera ekonomikoa ez zela onena. Aurrez ere horrelako mezuak jaso izan dituztela aipatu dute langileek.

ELAko eta LABeko ordezkariz osatutako enpresa batzordeak, bilera gerentearekin eta giza baliabideetako ordezkariarekin egin zuten. Kaleratzeen berri izan ondoren, langileek asanblada deitu zuten urriaren 29an, egoeraren berri emateko eta erantzuna adosteko.

Langile ordezkariek azaldu dutenez, enpresari egoerari irtenbidea bilatzeko prest zeudela eta negoziazio mahaian esertzeko borondatea zutela jakinarazi zioten. Hala ere, zuzendaritzak argi adierazi zien erabakia «oso hausnartua eta atzeraezina» zela.

Kaleratzeak ostiralean gauzatu ziren. Bezperan, ostegun arratsaldean, Pasabaneko langileek asanblada egin zuten, eta mobilizazio egutegi bat adostu zuten.

Azaroko ostegun guztietan, 17:00etan, manifestazioa egingo dute Trianguloa plazatik geltokira. Horrez gain, datorren asteartean hasita, asteartero lanorduetan mobilizatuko dira: 11:00etan enpresatik atera, Trianguloan elkartu eta ordubeteko protesta egingo dute. Langileen aldarrikapen nagusia argia da: «Kaleratutako langileak lanpostuetara itzultzea eta aurrerantzean kaleratze gehiagorik ez egotea». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!