ERREPORTAJEA

Injustizien aurrean, desobedientzia

Josu Artutxa Dorronsoro

Ttanttaka Teatroaren 'Desobedienteak 18/98' antzezlanaren une bat. GORKA BRAVO

18/98 auzia abiapuntu hartuta, desobedientzia zibilaren historia eta gaur egun duen garrantzia azaleratzen ditu Desobedienteak 18/98 antzezlanak. Azaroaren 13an Leidorren egingo dute, 20:00etan.

Legezkoa den guztia al da bidezkoa? Eta zer egin injustizia baten aurrean? Galdera horiei heltzen die Ttanttaka Teatroaren Desobedienteak 18/98 antzezlanak. 1998an abiatutako 18/98 sumario judizial polemikoa du abiapuntu, baina iraganeko gertakarien kontaketa hutsetik harago doa: desobedientzia zibilaren historian barrena bidaiatzen du, eta gaur egungo gizartean borroka molde horrek duen garrantzia aldarrikatzen du. Azaroaren 13an Tolosako Leidorren izango da ikusgai, 20:00etan hasita, eta sarrerak salgai daude Leidor antzokiko webgunean.

Antzerki dokumentala da, fikziozko elementuak eta gertakari historikoak uztartzen dituena. Ainhoa da protagonista. Zientzia Politikoetan doktore egin berri da, eta doktoretza-tesia defendatu behar du epaimahai akademiko baten aurrean. Desobedientzia zibila du ikergai: demokrazietan beharrezkoa den borroka praktika gisa aztertzen du, eta eskubide zibilak lortzeko historian izan duen zeregin erabakigarria azaltzen du. Ikusleak epaimahaiaren lekua hartuko du, eta protagonistaren defentsaren lekuko izango da.

Unibertsitateko esparru akademikotik, ordea, 18/98 sumarioaren makro-prozesu judizialera eramango du ikuslea lanak. Garzon epaileak irekitako eginbideetatik abiatuta, prozesu hartan auzipetutako hainbat pertsonaren egoera eta Joxemi Zumalabe Fundazioaren jarduna ditu oinarri. Fundazioa gizarte-mugimenduei lotutako erakundea zen, eta haren inguruko auzipetzeak polemika handia sortu zuen.

18/98 auzia da obraren abiapuntua, baina ez helburu bakarra. Makro-prozesuan gertatutakoa azaltzeaz gain, historian izan diren beste desobedientzia zibil kasu batzuk ere biltzen ditu antzezlanak. Izan ere, desobedientzia zibila ez da Euskal Herriko historiari edo garai jakin bati lotutako fenomenoa. Antzezlanak mundu osoko hainbat adibide jasotzen ditu: Mahatma Gandhiren eta Rosa Parksen borrokak, intsumisioaren mugimendua edota New Yorkeko Zapping mugimendua, homosexualei tabernetan sartzea galarazten zieten debekuen aurka egindakoa. Adibide horien bidez, eskubideak eskuratzeko eta bidegabekeriei aurre egiteko tresna izan dela erakusten du obrak.

Desobedientzia atenporalak

Memoria historikoa lantzea da lanaren helburuetako bat. Kepa Errasti antzezlaneko aktorearen arabera, haren belaunaldiko askok izan dute 18/98 auziaren berri, baina ez dute beti ondo ezagutzen zer gertatu zen. «Ondo dago gogoraraztea. Ez dakitenek zer gertatu zen jakiteko balio du», azaldu du. Baina, memoria berreskuratzea ez da helburu bakarra: «Desobedientzia zibila gizartea eraldatzeko tresna baliagarria izan daitekeela erakustea ere bada asmoa».

Kepa Errasti: «Asmoa da erakustea desobedientzia zibila gizartea eraldatzeko tresna baliagarria izan daitekeela»

Errastiren iritziz, desobedientzia zibilaren inguruko gogoeta «gaurkotasun handikoa» da. «Gertatu izan zaigu legezkoa den zerbait aldatu nahi izatea, ez zaigulako legitimoa iruditzen. Legezkoa izateak ez du esan nahi legitimoa edo justua denik. Horri aurre egiteko oso baliabide egokia da desobedientzia zibila. Injustizia baten aurrean borrokatzeko modu baketsua da, eta munduan gertatzen ari diren hainbat mugimenduk erakusten dute praktika horrek indarrean jarraitzen duela».

Kepa Errasti: «18/98 auziak gaur egungo errealitatearekin lotzeko bidea irekitzen du»

Antzezlanak, gainera, iraganeko irudiak eta azken urteetako mugimenduen erreferentziak erabiltzen ditu. Errastik azaldu duenez, azken hamarkadetako zenbait mugimenduren irudiak erakusten dituzte, baina ohartu dira gaur egun antzeko egoerak eta irudiak berriro ikusten dituztela. «Horrenbestez, 18/98 auziak iraganera begiratzeko aukera ematen badu ere, gaur egungo errealitatearekin lotzeko bidea ere irekitzen du».

Ildo horretan, etxegabetzeen aurkako mobilizazioak jarri ditu Errastik gaur egungo desobedientzia zibil kasuen adibide gisa. Haren ustez, injustizien aurrean jarrera aktiboa izatea ezinbestekoa da. «Publikoa entretenitzeaz haragoko helburua du antzezlanak. Gogoeta egin eta kontzientzia hartzea nahi dugu, desobedientzia zibila zer den ulertzea, eta oraindik egiteko eta aldatzeko zenbat dagoen ohartzea».

Gai konplexu bat, ulergarri

Ainhoaren tesiaren defentsa da antzezlanaren egitura narratiboaren ardatza, eta horrek publikoari rol berezia ematen dio. Ikusleak ez du gertatzen dena kanpotik soilik jarraitzen: epaimahai akademikoaren lekua hartzen du, eta 18/98 prozesuko epaiketen epaileen posizioan ere jartzen da. Aktoreek, une askotan, ikusleei begira zuzentzen dute jarduna, laugarren pareta hautsiz.

Errastiren esanetan, publikoarekiko harreman hori antzezlanaren ezaugarri berezietako bat da. «Ez diegu ikusleei zuzenean hitz egiten, baina aktoreen jarduna aretora bideratuta dago. Horrek interpelatuta sentiarazten ditu ikusleak, eta, batzuetan, deseroso ere bai». Aktoreentzat ere erronka da. «Nire kasuan, saiatzen naiz publikoari asko ez begiratzen, kontzentrazioa ez galtzeko», aitortu du.

Izan ere, Errastik nabarmendu du testuak ez direla errazak. «Hizkuntza akademiko konplexua eta diskurtso luzeak dituzte, eta aktoreok lanketa handia egin behar izan dugu oholtzara eramateko». Azaldu duenez, hasieran zalantzak izan zituzten testuak eszenan nola funtzionatuko zuen jakiteko. Hala ere, «pozik» dago zuzendarien lanarekin. «Gure elkarrizketak ikus-entzunezkoekin eta zuzeneko musikarekin uztartzen dira, eta horrek arindu egiten du antzezlana, testuari duen garrantzia kendu gabe».

Horixe da obraren indarguneetako bat: gai konplexu bat modu ulergarrian azaltzea, ezagutza akademiko berezirik behar izan gabe. Errastik Maria Goirizelaiak egindako lana azpimarratu du, eta esan du makro-prozesuaren nondik norakoak «oso argi» azaltzen direla. «Inork ezingo luke hobeto azaldu», dio. Ez da ohiko komedia bat, baina ezta diskurtso akademiko astun bat ere: hausnarketa eskatzen duen lana da, ikuslearen arreta bereganatzen duena.

Talde heterogeneoa eta harrera ona

Ainhoa «justiziaren aldeko pertsona» da, Errastiren hitzetan, «nerbio handikoa eta injustiziak salatzeko premia sentitzen duena. Oso bizia da, eta harentzat hain garrantzitsua den hori publikoari azaltzeko gogo handia du». Miren Arrieta eta Aiora Enparantza ari dira pertsonaia antzezten, tartekatuta, eta Tolosako emanaldian Enparantza igoko da oholtzara. Beste lau aktoreek, berriz, pertsonaia bat baino gehiago gorpuzten dituzte. Errastik, besteak beste, 18/98 auzian auzipetutako pertsona bat antzezten du, baita desobedientzia zibileko beste kasu batzuetako protagonistak ere.

Maria Goirizelaia da obraren egilea, Aiora Enparantza arduratu da itzulpenaz, eta Fernando Bernuesek eta Mireia Gabilondok zuzendu dute. Antzezle taldea Iñigo Azpitartek, Klara Badiolak, eta Omar Somaik osatzen dute. Errastik taldearen izaera askotarikoa nabarmendu du: «Belaunaldi desberdinetako aktoreak elkartu gara, eta esperientzia ezberdinak uztartu ditugu. Oso talde heterogeneoa gara, eta oso ondo moldatzen gara».

Antzezlanaren harrera ere positiboa izaten ari dela adierazi du aktoreak. Ikusleek interesa agertu dute, baita 18/98 auziaren inguruko ezagutza txikiagoa dutenek ere. Aktorearen arabera, lanak «osagai emozional indartsua» du, kontatzen diren gertakariak benetan gertatutakoak direlako eta oraindik ere jende askoren memorian daudelako. Horri gehitzen zaio gaur egungo egoerekin lotzeko aukera. «Ikusle batzuek ikastetxeetan ere eskaintzeko moduko lana dela esan digute, historiaren, politikaren eta filosofiaren alorretako gaiak lantzen dituelako», esan du.

Euskal Herriko hainbat herritan ibili ondoren, udazkenean beste emanaldi batzuk egingo dituzte, tartean Tolosakoa. Datorren urtetik aurrera, besteak beste Malagan, Zaragozan eta Castellon aurkeztuko dute obra. Errastik uste du lanak Euskal Herritik kanpo ere «harrera ona» izan dezakeela, «desobedientzia zibilak gizarte osoari eragiten dioten auziak jorratzen dituelako».

Iraganeko gertakarietatik abiatuta, gaur egungo injustiziei begiratzeko eta horien aurrean zer egin daitekeen galdetzeko proposamena da Desobedienteak 18/98. «Desobedientzia zibila ez da historiako pasarte bat soilik, gizartea eraldatzeko tresna ere bada».

 

FITXA 'Desobedienteak 18/98'

 

  • Egilea. Maria Goirizelaia.
  • Itzulpena. Aiora Enparantza.
  • Aktoreak. Miren Arrieta/Aiora Enparantza, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti eta Omar Somai.
  • Zuzendariak. Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo.
  • Zuzendari laguntzailea. Laia Bernues.
  • Espazio eszenikoa. Fernango Bernues.
  • Argiztapen diseinua. David Bernues.
  • Jatorrizko musika eta abestien bertsioak. Iñigo Azpitarte.
  • Koordinazio teknikoa. Acronica Producciones.
  • Jantzitegia. Ana Turrillas.
  • Ekoizpena. Paola Egibar.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!