Tolosako inauteriak –otsailaren 4tik 9ra ospatuko dira– antolatzeko aurre lanketak hasiak ditu jada, Tolosako Udalak. Orain arte jaiak iragartzeko kartel lehiaketa eta Zaldunita eguneko kontzertua aukeratzeko bozketa ireki ditu, eta orain karroza eta konpartsen lehiaketan parte hartzeko eta salmenta postuak jartzeko baimena eskatzeko epeak zabaldu ditu. Bi prozesuetako izen-emateak eta eskaerak azaroaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira, bakoitza dagokion prozeduraren bidez. Inauterietako gazte konpartsen kasuan, hau da, plataformekin parte hartzen duten taldeen kasuan, abenduaren 11tik aurrera egin beharko da eskaera.
Zaldunita eguneko kontzertuari dagokionez, bozketa bukatu da jada eta Su Ta Gar taldeak lortu ditu boto gehien, 100 boto guztira. Bozketan hautagai ziren gainerako taldeen artean, Los Zopilotes Txirriaos taldeak 31 boto jaso ditu; Merina Grisek, 8; eta Aimar Z-k eta Txapela Bravak, 3na boto.
Karrozak eta konpartsak: izen-ematea eta prestaketa-lanak
Inauterietako desfilean parte hartzeko hiru modalitate izango dira: karrozak –tamaina handiko egiturak–, gazte konpartsak –gazteez osatutako taldeak, eskuz mugitutako plataformak dituztenak–, eta konpartsak –talde txikiagoak, leku zehatzik ez dutenak–. Karrozek eta gazte konpartsek, gutxienez, hamar partaide izan beharko dituzte; eta konpartsek, gutxienez, bi. Karrozek eta gazte konpartsek herrian aurrez zehaztutako kokagune bat izaten dute.
Taldeek aurretiko izen-emate formularioa bete beharko dute, eta bertan taldearen ezaugarriak eta ordezkariaren datuak adierazi. Behin eskaera jasota, udala talde bakoitzarekin harremanetan jarriko da egin beharreko tramiteen inguruko informazioa emateko.
Aurten, Ferialekua jarriko dute taldeen eskura, karrozak eta plataformak prestatu eta atontzeko. Espazioa abenduaren amaieran prest egotea aurreikusten dute, eta erabili nahi duten taldeek izen-emate formularioan adierazi beharko dute eskaera hori.
Eskuragarri dagoen espazioa baino eskaera gehiago jasoz gero, lekuak zozketa bidez esleituko dira, ezarritako lehentasun irizpideak kontuan hartuta. Talde bakoitzeko ordezkaria izango da espazioaren arduraduna, eta harekin batera beste bost lagun sartu ahal izango dira lan eremura lan saio bakoitzean.
Udal karrozak eskuratzeko aukera, eta diru laguntzak
Tolosako Udalak 12 karroza berri erosteko eskaera egin du, datozen urteetan herritarren eta inauterietan parte hartzen duten taldeen eskura jartzeko, eta horrela, Tolosako inauterietako karrozen tradizioa eta parte-hartzea sustatzeko.
Aurtengo inauteriei begira, udal karroza bat erabiltzeko interesa duten taldeek izena emateko formularioan adierazi beharko dute interesa. Horrela, udalak eskaeren kopurua ezagutu, eta eskuragarri egon daitezkeen karrozen arabera antolatu ahal izango du esleipena. Eskaera egiteak ez du karroza baten esleipena bermatzen; eta karrozen elkarteko eskaerak lehenetsiko dira.
Diru laguntzak inauterien ondoren eskatu beharko dira, ikuskizuna erakusten duten argazki eta bideoekin batera. Diru laguntza jasotzeko, nahitaezkoa izango da zuzeneko musika eskaintzea eta koreografia edo antzezpen eszenikoren bat egitea; hala nola parodia, antzerkia, playbacka edo mimoa. Izen-ematea egin duten taldeei zuzenean jakinaraziko zaie eskaerak noiz eta nola aurkeztu.
Salmenta postuak: eskaerak eta modalitateak
Era berean, azaroaren 20ra arte egongo da irekita salmenta postuak jartzeko baimenak eskatzeko epea ere. Eskaerak Udaten edo erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira. Eskatzaile kopurua eskainitako postu kopurua baino handiagoa bada, zozketa publikoa egingo da postuak esleitzeko.
Aurten, inauterietarako ez ezik, Kaldereroetarako eta sanjoanetarako salmenta baimenak ere eskatu ahal izango dira.
Eguneko salmentan eskaintza hau egingo da:
- Salmenta-postu orokorrak: 9 postu, 10:00etatik 00:00etara. Ehungintza, elikagaiak, osagarriak, bitxiak, artisautza eta bestelako produktuak saldu ahal izango dira.
- Janaria saltzeko kamioiak: 2 postu, 09:00etatik 00:00etara.
- Talo-postuak: 2 postu, 09:00etatik 00:00etara.
- Globo-salmenta: 2 postu ibiltari, 10:00etatik 00:00etara.
- Gaueko salmenta: janaria saltzeko kamioiek soilik eskatu ahal izango dute baimena. Bi postu egongo dira erabilgarri 22:00etatik 06:00etara, Kaldereroetan, sanjoanetan eta inauterietako egun guztietan.
Karroza eta konpartsen izen-emateari, Ferialekuaren erabilerari, diru laguntzei eta salmenta postuen baimen prozedurari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Tolosako Udaleko Kultura, Festak eta Gazteria Sailarekin jar daiteke harremanetan, festak@tolosa.eus helbidearen bidez.