Ohi bezala ikusmina sortu du haur abesbatzen saioak LVII. Tolosako Abesbatzan Lehiaketan. Leidor aretoa bete egin da eta txalo zaparradarekin jaso dituzte parte hartu duten haur abesbatzak. Bi urtez behingo hitzorduari ez diote hutsik egin tolosarrek.
Hauek izan dira parte hartzaileak: Bulgariako Irrati Nazioarteko Haur Abesbatza, Granadako (Espainia) Pequeñas voces de la Alhambra abesbatza, Bandungeko (Indonesia) Saint Angela abesbatza, Txekiako Kajetan Children's Opera abesbatza.
Gaurko hitzorduekin jarraitzeko, San Frantzisko elizan egingo duten emanaldia ere nabarmendu dute antolatzaileek. Stockholmeko Sofia Vokalensemblek Arvo Pärt konpositorearen Kanon Pokajanen obra interpretatuko du. Oso obra berezia da: borobilean eserita, argi guztiak itzalita eta kandelen argi batzuekin abesten baitute.
Bihar jakinaraziko dituzte aurtengo edizioko saridunak.