Gozatua hartu dute Tolosako kaleetan

Herriko eta inguruko gozogileek 23 postu jarri dituzte azokan, eta sagar tarta zein ezti lehiaketetako irabazleak ere saritu dituzte.

Herriko eta inguruko gozogileek 23 postu jarri dituzte, eta era guztietako gozoak izan dira salgai. Zaporeaz gain, produktuen kalitatea nabarmendu dute bertaratu direnek.

Tolosan hain ezaguna den teila izan da gaurko azokako protagonista nagusietako bat. Haurrentzako bi tailer egin dituzte, eta gozogileen laguntzarekin teilak egin dituzte. Gainera, 12:30etik aurrera, teilak dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.

Sagar tarta eta ezti lehiaketak

XXXI. Sagar Tarta Lehiaketa Herrikoia egin dute gaur azokaren barruan. Parte-hartzaileek euren tartak eraman dituzte Triangulo plazara, 11:00ak baino lehen. Lurdes Rekondo, Armintz Gorrotxategi eta Onintza Mokoroa aritu dira tartak probatzen, eta honako sari hauek banatu dituzte:

  • Lehenengo saria: Gasteizko Edurne Arnaiz. 240 euroko txartel-saria, Eceiza eta Gorrotxategi gozotegietan gastatzeko.

  • Bigarren saria: Tolosako Uzturre zentroa. 180 euroko txartel-saria, herriko gozotegietan gastatzeko.

Bestalde, Tolosaldeko XXVIII. Ezti Lehiaketa ere egin dute goizean. Guztira, 10 erlezainek eman dute izena, eta aurkeztutako ezti guztiak eskualdean ekoitzitakoak izan dira. Eztia berotu gabe eta gordin aurkeztu behar izan dute. Erlezain bakoitzak ezti beraren kilo erdiko bi pote aurkeztu behar izan ditu. Hauek izan dira lehen hiru sailkatuak:

  • Lehenengo saria: Elduaingo Luis Nazabal. 200 euro.

  • Bigarren saria: Berrobiko Iñigo Erauskin. 150 euro.

  • Hirugarren saria: Berastegiko Mattin Salbarredi. 100 euro.

Goiz osoan zehar, Tolosako Udal Txistulari Banda eta Tolosa Kantari Alde Zaharreko kaleetan aritu dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!