Datorren igandean, azaroaren 1ean, Santu Guztien Eguna dela eta, Tolosako Udalak Hiribusaren zerbitzu berezia emango du, herritarrek hilerrirako joan-etorriak errazago egin ditzaten. Guztira, bederatzi zerbitzu emango dituzte egun osoan zehar: goizean, 09:00etatik 13:15era, eta arratsaldean, 15:00etatik 18:45era. Autobusa udal musika eskolatik abiatuko da, eta ohiko ibilbidea egingo du. San Blasera iristean, hilerriraino igoko da zerbitzu guztietan.
Hilerrian aparkatzeko jarraibideak
Hilerriaren inguruan trafiko arazorik ez izateko eta zirkulazioaren arintasuna bermatzeko, Udaltzaingoak hainbat jarraibide eman ditu. Hilerrirako igoerako maldaren eskuinaldean debekatuta egongo da aparkatzea, Hiribusaren joan-etorria eta hilerrirainoko sarbidea bermatzeko. Beheranzko noranzkoan, aldiz, ibilgailuak espaloitik ahalik eta gertuen aparkatu ahal izango dira. Horretarako, gidariek hilerriraino igo beharko dute, eta, bertan, seinaleztatutako biribilgunean, noranzkoa aldatu.
Ezarritako seinaleztapena eta trafiko-arauak errespetatzea eskatzen zaie herritarrei, joan-etorriak errazteko.
