Goi mailako pilotariak Soroaren oroimenezkoan, tartean, munduko txapeldunak

Josu Artutxa Dorronsoro

Txapelketan parte hartuko duten zenbait pilotari eta aurtengo edizioko babesleak, atzo, aurkezpenean.

Atzo aurkeztu zuten etzi hasiko den txapelketaren hamahirugarren edizioa, eta 24 bikotek parte hartuko dute, hiru mailatan banatuta; Beotibar pilotalekuan izango dira partidak, eta finalak urtarrilaren 9an izango dira.

«Eta ondoen egiten duenak, txapela eraman beza», kantatu zuen bi bertsoetako lehenaren amaieran Anjel Mari Peñagarikanok, atzo arratsaldean Tolosako Bidegoxo jatetxean Migel Soroa pilotari historikoaren oroimenezko pilota txapelketaren hamahirugarren edizioaren aurkezpenean. Etzi hasiko da aurtengo lehia, Beotibar pilotalekuan, eta hori izango da parte hartuko duten 24 bikoteen helburua: txapela janztea.

Txapela ez, baina munduko txapelketan urrezko eta zilarrezko dominak jantzi berri dituzten euskal selekzioko hiru pilotari izan ziren atzo Tolosan: Julen Alberdi zizurkildarra, Oier Elorz eta Eñaut Lizeaga. Antolatzaileek eta pilotariek omendu egin zituzten, aurkezpena hasi aurretik. Argentinan zilarrezko domina jantzi duen Ekhi Irribarriak ere parte hartuko du txapelketan, baina atzo ez zen aurkezpenean egon.

Aurreko edizioetan bezala, hiru mailatan jokatuko da txapelketa: promesak, lehen maila eta eliteak. Promesek 18 tantora jokatuko dituzte partidak; gainerako bi mailetan, 22 tantora izango dira. Bi multzo osatu dituzte maila bakoitzean, eta multzo bakoitzean hiru bikote izango dira, baina oraingoz multzo bakoitzean bina bikotek dute ziurtatuta multzoen fasea jokatzeko txartela.

Igande honetan eta azaroaren 15ean erabakiko da zein izango den multzo bakoitzeko hirugarren eta azken bikotea.

Igande honetako aurre-kanporaketak:

  • Promesak: Oses-Okiñena vs. Madina-Carrera.
  • Lehen Maila: Arambarri-Goiburu vs. Tolosa-Leonet.
  • Eliteak: Julen Alberdi-Balerdi vs. Beitia-Aitor Elizegi.

Abenduaren 20ra bitarte, igandero izango dira multzoen faseko partidak Beotibarren. Multzo bakoitzetik bi bikote onenak sailkatuko dira finalerdietara, eta abenduaren 27an eta urtarrilaren 2an jokatuko dituzte finalera sailkatzeko partidak. Finalak, berriz, urtarrilaren 9an izango dira. Finalak izan ezik, igandeetan izango dira gainerako partida guztiak. Jaialdiak 16:30ean hasiko dira, eta maila bakoitzeko partida bana jokatuko da.

Jon Eskudero kazetariak gidatu zuen aurkezpena, eta adierazi zuen «oso zaila» dela txapelketa irabaztea, baita «Migel Soroaren pareko pilotaria» izatea. Antxon Soroa Migelen semea aurkezpenean izan zen, eta hark azpimarratu zuen «pilotari handia» izan zela haren aita, edo, behintzat, hala iruditu zitzaiola.

Babesleak, pozik

Anizeto Lazkano antolakuntza taldeko kideak adierazi zuen igandez igande harmailak beteta izatea izango zela seinale onena. «Zaila da, profesionalei ere kostatzen ari zaie». Hala ere, aitortu zuen «oso gustura» daudela txapelketa egiten ari den ibilbidearekin. «Ea pilotariek ez duten minik hartzen, eta txapelketa osorik jokatzeko aukera izaten duten».

Antolatzaileek eskerrak eman zizkieten babesleei txapelketa antolatu ahal izateko emandako laguntzagatik. Avia gasolindegia, Dut ondare-aholkularitza, Bidegain, CMO Valves Sports, Excavaciones Peru eraikuntza-enpresa eta Tolosako Udala dira aurtengo edizioko babesle nagusiak. «Ezinbestekoak zarete», esan zien Lazkanok.

CMO Valves enpresako buru Iker Diezek esan du «oso pozik» daudela beste urte batez txapelketako babesle izateagatik. «Gogotsu gaude lehia hasteko eta pilotariak jokatzen ikusteko». Bidegain enpresako Mikel Arrietak nabarmendu du ez zuela zalantzarik izan txapelketa babesteko. Azkenik, hirugarren urtez txapelketa babestuko duen Dut ondare-aholkularitzako Iker Ariznabarretak pilotariei esan zien urte gehiagotan babesteko asmoa dutela, eta, beraz, jarraitu dezatela pilotan jokatzen.

Multzoen egitura:

Promesak:

A MULTZOA B MULTZOA
Perurena-Etxeberria Baleztena-Salinas
Sagastibelza-Elola Izagirre-Olano
Madina-Carrera* edo Oses Okiñena* Salaberria-Salaberria* edo Landa-Castro*

Lehen Maila:

A MULTZOA B MULTZOA
Murua-Apeztegia II Nazabal-Goikoetxea
Cestau-Ormaetxea Sarasibar-Gorostidi
Tolosa-Leonet* edo Aranbarri-Goiburu* Ibarra-Garaño* edo Uriarte-Segurola*

Eliteak:

A MULTZOA B MULTZOA
Irribarria-Bernaola Egiguren-Elorz
Etxeberria-Sotil Lizeaga-Apeztegia I
Beitia-Aitor Elizegi* edo Julen Alberdi-Balerdi* Arribillaga-Canseco* edo Ramirez-Santesteban*

*Azaroaren 1ean edo 15ean aurre-kanporaketak jokatuko dituzten bikoteak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!