Kontsumitzaile kritiko eta arduratsuak hezteko programa berria

'Gure kontsumoa, gure etorkizuna' hezkuntza proiektua sortu du Tolosako Udalak ikasgeletan irizpide ekosozialak lantzen jarraitzeko.

Garapen jasangarriarekin eta herritarren ongizatearekin duen konpromisoari jarraituz, Tolosako Udalak Gure kontsumoa, gure etorkizuna hezkuntza proiektu berria aurkeztu du 2026-2027 ikasturterako. Eskola Agenda 2030 programa desagertu egin da, eta hutsune hori betetzeko sortu da egitasmo berria, ikasgeletan irizpide ekosozialak lantzen eta gaiaz kontzientziatzen jarrai dezaten.

Herriko ikastetxeetako DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek parte hartuko dute, eta helburua da gazteak kontsumitzaile kritiko eta arduratsu bihurtzea gaur egungo gizarte hiperkonektatuan. 

Programak modu praktikoan helduko die gehiegizko kontsumoaren, moda azkarraren eta Internet bidezko erosketen ondorioei; besteak beste, baliabideen xahuketa, kutsadura eta hondakinak, eta Interneteko erosketen logistikaren eta garraioaren aztarnak aztertuko dituzte.

Eredu horren aurrean, herrian kontsumo arduratsua egiteko dauden baliabideak eta aukerak landuko dituzte; horren bidez, martxan dauden alternatiba jasangarriak sustatu nahi dira. Horretarako, gazteek bertako ekoizleen eta merkatari txikien balioa aintzat hartuko dute, eta herriko baliabideak ezagutuko dituzte: azoka, Gurpilgunea, merkatari elkartea, erosketa-bonuak eta truke-azokak, besteak beste. Proiektuak tokiko ikuspegia izango du, beraz.

Hiru saio egingo dituzte, saio teoriko bat eta bi saio praktiko, lau fasetan banatuta. Batetik, gaian murgiltzeko eta sentsibilizatzeko hausnarketa egingo dute norbere kontsumo-ohiturei buruz. Bestetik, arroparen etiketak aztertzea, erosketa elektronikoen aztarna kalkulatzea edo konponketa-tailerrak ezagutzea bezalako tailerrak eta irteerak egingo dituzte. 

Eskolen arteko foroa ere egingo dute, eta ikasitakoa herritarren artean zabaltzeko ekimen bat ere egingo dute amaieran, gizartea kontzientziatzeko.

«Proiektuak agerian uzten du erronka globalei tokiko ingurunetik erantzuteko konpromisoa, herri inklusiboago, seguruago eta jasangarriago bat eraikitzeko bidean», adierazi du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!