Denboraldi hasiera arrakastatsua izaten ari da Tolosa CF Gimnastikarentzat. Urriaren 3an izan zuten lehen lehiaketa klubeko Tolosa CMO Valves taldeek, Madrilgo Vallecas auzoko Carmen Vives Torneoan. «Sentsazio oso onak eta emaitza bikainak» izan zituztela aitortu du klubak. Kadeteak txapeldun izan ziren, eta jubenil mailako eta Lehen Mailako taldeak txapeldunorde.
Astebete beranduago, hiru txapelketatan aritu ziren. Urriaren 10ean, Pilarikako Txapelketan parte hartu zuten Zaragozan. Kadete mailako gimnastak txapeldun izan ziren, jubenil mailakoak txapeldunorde eta Lehen Mailako taldea bosgarren sailkatu zen. Hurrengo egunean, Olmedon (Valladolid) izan zuten lehiaketa kadeteek eta jubenilek. Kadeteak txapeldun izan ziren; jubenilak, berriz, hirugarren.
Hilaren 12an, Azkoitian jokatutako Gipuzkoako Txapelketan parte hartu zuten. Oinarrizko kadeteak eta Lehen Mailako taldea txapeldun izan ziren; jubenilak, berriz, hirugarren izan ziren. Txapelketan bertan, Gipuzkoako Gimnastika Federazioak Tolosako klubeko kadeteak eta Lehen Mailako taldea omendu zituen, azken Espainiako Txapelketan lortutako emaitzengatik; kadeteek urrezko domina jantzi zuten, eta Lehen Mailako taldea maila nagusira igo zen.
Urriaren 17an, Euskadiko Txapelketa jokatu zen. Espainiako Txapelketarako eta Taldeen Kopa Absolutuaren Hirugarren Faserako sailkatze-proba izan zen, eta tolosarrek emaitza bikainak lortu zituzten, talde guztiek lortu baitzuten azaroan Cartagenan jokatuko den Espainiako Txapelketarako txartela. Lehiaketari dagokionez, kadeteak Euskadiko txapeldun izan ziren, Lehen Mailakoak txapeldunorde, eta jubenilak hirugarren.
Azkenik, joan den asteburuan beste bi lehiaketetan parte hartu dute hiru taldeek. Larunbatean, Gernikan jokatutako Xixili Txapelketan, kadeteak eta jubenilak txapeldun izan ziren, eta Lehen Mailako taldea txapeldunorde. Igandean, Leioan jokatutako Sakoneta txapelketan, junior absolutu mailan lehiatu ziren kadeteak txapeldun izan ziren, jubenilak laugarren eta Lehen Mailako taldea hirugarren.
Klubeko ordezkariek adierazi dutenez, «ezin kontentuago» daude denboraldi hasieran izandako emaitzekin. «Lanaren bidez lortutako arrakasta hauek indarra ematen diete datozen asteetako lehiaketei aurre egiteko eta denboraldiko hitzordu nagusietara baldintza onenean iristeko», esan dute.
Asteburuan, Euskalgymen
Txapelketetan lortutako emaitzak, ordea, ez dira klubak azken hilabetean jaso dituen berri on bakarrak. Izan ere, beste urte batez, Lehen Mailako taldeak gonbidapena jaso du larunbatean Barakaldoko BEC-en egingo den Euskalgymeko 20. Nazioarteko Gimnastika Galan parte hartzeko. Aukera izango dute munduko gimnasta onenekin tapiza partekatzeko.
Galaz gain, Euskalgym lehiaketa egingo da, asteburuan zehar. Bertan, Tolosako hiru taldeek parte hartuko dute, baita Belabieta Kirol Klubeko jubenil mailako taldeak ere. Azken horiek izango dira lehiatzen lehenak; larunbat goizean egingo dute saioa. Eguerdian, Tolosa CFko kadeteen eta jubenilen txanda izango da. Azkenik, Tolosako klubeko Lehen Mailako taldeak igande arratsaldean egingo du saioa.


