«Gozoa bai, baina kalitatezkoa»

XXXI. Tolosa Goxua azoka larunbatean egingo dute Trianguloa plazan, 09:00etatik 14:00etara. 25 postu jarriko dituzte, eta teila izango da protagonista berezia. Sagar tarta eta ezti lehiaketak ere izango dira.

Tolosa gozozaleen topagune bihurtuko da urriaren 31n. 09:00etan zabalduko ditu ateak azokak, eta azken jarduerak 14:00ak aldera amaituko dira. Trianguloa plazan egongo diren 25 postuak ere orduan jasoko dituzte.  Ohiko gozokiez gain, teila izango da aurtengo protagonista, eta haurrentzako tailerrak, lehiaketak eta musika ere izango dira goizean zehar.

Moira Ezeizak kalitatea balioan jartzeko beharra azpimarratu du, eta mezua argi utzi du: «Gozoa bai, baina kalitatezkoa». Izan ere, gozogintzan zaporeaz gain, produktuen kalitatea ere nabarmendu nahi dute azokaren bidez.

Teila, protagonista

Aurtengo edizioan, Tolosan hain ezaguna den teila izango da ardatzetako bat. Haurrentzako bi tailer egingo dituzte, gozogileen laguntzarekin: lehenengoa 10:30etik 11:15era izango da, eta bigarrena, 11:15etik 12:00etara. Ekimenaren helburua etxeko txikienen artean gozogintzarako zaletasuna sustatzea da, Aitor Agirresarobe Merkataritza, Azoka eta Turismo Saileko zinegotziak azaldu duenez.

12:30ean, teilak banatuko dituzte. Horren aurretik, 12:20tik aurrera, Tolosako Udal Txistulari Banda eta Tolosa Kantari Alde Zaharreko kaleetan ibiliko dira.

Sagar tarta eta ezti lehiaketak

Azokak lehiaketetarako tartea ere izango du. Sagar tarta lehiaketan parte hartu nahi dutenek 10:00etatik 11:00etara aurkeztu beharko dituzte tartak, Trianguloan. Epaimahaiak 11:00etatik 11:30era dastatuko ditu, eta sariak 12:00etan banatuko dituzte. Parte-hartzaileek gutxienez 18 urte izan beharko dituzte, eta erabilitako errezeta ere aurkeztu egin beharko dute.

Bi sari emango dituzte: lehenengoak 240 euroko txartel saria jasoko du, Eceiza eta Gorrotxategi gozotegietan gastatzeko; bigarrenak, berriz, 180 eurokoa. Lourdes Rekondo, Armintz Gorrotxategi eta Onintza Mokoroa izango dira epaimahaikideak.

Ezti lehiaketak, bestalde, 28. edizioa beteko du aurten. Bidatz Sasiainek azaldu duenez, Tolosaldean 56 erlezain daudela ere jakinarazi du. Lehiaketara aurkeztu nahi diren eztiek eskualdean ekoitziak eta gordinak izan beharko dute, hau da, berotu gabeak. Parte-hartzaile bakoitzak ezti bereko eta lote bereko bi pote aurkeztu beharko ditu. Poteek kilo erdikoak izan beharko dute.

Eztiak 10:00etatik 10:30era aurkeztu beharko dira, Trianguloan, eta lehiaketa 10:30etik 11:30era egingo dute. Lehen hiru sailkatuek Gipuzkoako Ezti Lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute, eta 200, 150 eta 100 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren, garaikurraz gain.

Larunbateko egitaraua

  • 09:00-14:00: XXXI. Tolosa Goxua azoka, 25 posturekin, Trianguloa plazan.

  • 10:00-11:00: Sagar-tarta lehiaketarako tartak aurkeztea, Trianguloan.

  • 10:30-11:15: Teilak egiteko haurrentzako lehen tailerra.

  • 10:30-11:30: Tolosaldeko Ezti Lehiaketa. Eztiak 10:00etatik 10:30era aurkeztu beharko dira.

  • 11:00-11:30: Epaimahaiak sagar-tartak dastatuko ditu.

  • 11:15-12:00: Teilak egiteko haurrentzako bigarren tailerra.

  • 12:00: Sagar-tarta lehiaketako sari-banaketa.

  • 12:20: Tolosako Udal Txistulari Banda eta Tolosa Kantari Alde Zaharreko kaleetan.

  • 12:30: Teilak banatzea.

Eceiza eta Gorrotxategi gozotegiek, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak eta Tolosako Udalak antolatu dute azoka, Haziren babesarekin. Gaur eguerdiko aurkezpen ekitaldian, ondorengoak egon dira: Tolosako Udaleko ordezkari bezala, Aitor Agirresarobe Merkataritza, Azoka eta Turismo Saileko zinegotzia; Moira eta Javier Ezeiza, Eceiza gozotegiko ordezkariak; Joanes eta Rafa Gorrotxategi, Gorrotxategi gozotegikoak; eta Bidatz Sasiain, Gipuzkoako Erlezain Elkarteko kidea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!