9.500 pertsona inguruk hartu dute gripearen aurkako txertoa eskualdean

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa kanpaina abiatu dute. Tolosako Osasun Zentroan jarri duten txertogunean ez da hitzordurik hartu behar, eta azaroaren 1era arte egongo da martxan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak hainbat txertogune jarri dituzte gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketak egiteko, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hamabi osasun zentrotan. Tolosako Osasun Zentroan dago horietako bat, astelehenetik igandera zabalik, 15:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegian. Interesa duten herritarrek ez dute hitzordurik hartuko beharko.

Urriaren hasieran abiarazi zituzten gune horiek, eta eskualdean dagoeneko 9.500 pertsona inguruk hartu dute gripearen aurkako txertoa. Edozein pertsona joan daiteke txertoa jartzera, baina Nora Ituarte erizainak nabarmendu duenez, «oso garrantzitsua da bereziki arrisku faktoreak dituzten pertsonak txertatzea, esaterako, haurdun dauden emakumeak, arnas gaixotasunak edo bihotzeko arazoak dituztenak, eta baita 65 urtetik gorakoak ere». Azken hauek COVID-19aren aurkako txertoa ere jartzeko aukera dute.

Azken bi urteetan, gripeak eragindako kasu eta ospitaleratze gehienak abendutik urtarrilera bitartean erregistratu dira. Horregatik, txertoa lehenbailehen hartzea gomendatu dute, osasun zentroan hitzordua eskatuta edo azaroaren 1era arte egongo diren txertoguneetan, aurretik hitzordurik eskatu gabe.

18.500 txertaketa baino gehiago

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, aurtengo kanpainan 18.500 pertsona baino gehiago txertatu dira jada, urriaren 19tik 22ra bitartean. Eguneko batez besteko 4.600 pertsona baino gehiago artatu dituzte, eta horietatik erdiak COVID-19aren aurkako txertoa ere jaso du. Guztira, gripearen aurkako 18.000 dosi eta COVID-19aren aurkako ia 9.000 dosi eman dira. Gripearen aurkako txertaketak iazko kanpainaren aldi berean baino 39.000 dosi gehiago gainditu ditu (% 15 gehiago), eta COVID-19aren aurkakoak, berriz, 30.000 dosi gehiago erregistratu ditu (% 20 gehiago).

Urriaren 21era arteko Lehen Mailako Arretan, gripearen aurkako 318.833 dosi eta COVID-19aren aurkako 193.489 dosi eman dira. Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarren erantzuna eskertu dute eta txertatzen jarraitzera animatu dituzte, konplikazio larriak prebenitzeko, ospitaleratzeak murrizteko eta, batez ere, pertsona ahulenak babesteko. «Zenbat eta pertsona gehiagok txertoa hartu, orduan eta kasu larri gutxiago egongo da; beraz, biztanleria osoaren babesa handiagoa izango da», gaineratu dute.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!