Tolosako Udalak zerbitzu berri bat eskainiko du euskararen erabilera normalizatzeko. Hiru modalitate izango ditu: euskarazko testuak zuzentzea, testuak gaztelaniatik euskarara itzultzea eta hizkuntzari buruzko kontsultak argitzea. Udalak urteak daramatza lan horiek egiten herriko elkarteentzat eta establezimenduentzat, baina orain arte ez da zerbitzu bezala egituratuta egon. Orain, eta euskararen erabileran beste pauso bat emateko helburuz, irizpideak finkatu dira zerbitzu hori emateko, eta publiko egin.
Udalak esan du helburua dela herriko establezimenduek eta eragileek euskarazko komunikazioa modu egokian egin dezaten laguntzea, eta, hala, euskararen erabilera sustatzea. Horiek horrela, euskarazko testuak zuzenduko dituzte, eta kontsulta zehatzak argituko dituzte. Zerbitzua Tolosako merkataritza zein ostalaritza establezimenduek, eta udalerrian erregistratutako edo udalerrian jarduten duten elkarteek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek eskatu ahalko dute.
Zerbitzua erabili ahal izateko testuak jendaurrean zabaltzekoa izan behar du: errotuluak, kartelak, publizitate orriak, inprimakiak, menuak… Hortaz, ez dituzte itzuliko edo zuzenduko jendaurrerako ez diren testuak edo dokumentuak. Eta zuzentzeko edo itzultzeko den testuak aipatzen duen jarduera Tolosan garatu behar da. Era berean, zuzentzeko edo itzultzeko den testua euskarri informatikoan bidali behar da, era editagarrian. Eta testuek karaktere kopuru hauek izan ahalko dituzte gehienez: zuzenketetan, 9.000 karaktere; itzulpenetan, 5.000 karaktere.
Nola antolatuko da zerbitzua?
Doakoa izango da, eta udalaren baliabide eta ahalmen teknikoen arabera emango da. Zuzenketetara eta itzulpenetara mugatuko da, eta ez da egingo bestelako edizio lanik. Udalak ez du bere gain hartuko zuzendutako edo itzulitako testuen ondoriozko erantzukizunik. Eskatzaileak du testuaren ardura.
Nola egin eskaera?
Testua zuzentzeko edo itzultzeko, eskaera egin behar da, mezu elektroniko bat bidalita (euskara@tolosa.eus). Eskaera egitean, informazio hau eman beharko da: elkartearen edo establezimenduaren izena, eta harremanetarako bideak, eskatzen den zerbitzu-mota – zuzenketa edo itzulpena–, eta itzultzeko edo zuzentzeko testua, formatu editagarrian. Kontsulta zehatzak egiteko, aipatutako bideez gain, telefonoa ere erabili ahal izango da, Euskara eta Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarrita: 943 69 74 53. Ahalik eta eperik laburrenean egingo da eskatutako lana, betiere une horretako lan karga eta eskatutakoaren bolumena aintzat hartuta.