Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak, Gau Beltza antolatu du hirugarrenez Tolosan. Jaiak euskaratik eta euskaraz bizitzearen garrantziaz jabetuta, jaia berreskuratzeko lanean ari da Galtzaundi hainbat herritarrekin batera. Hala, aurten ere misterioa eta antzerkia batzen dituen ibilbidea antolatu da Tolosako Alde Zaharrean zehar.
Gau Beltza XX. mendearen erdialdera arte euskarari eta euskal landa-eremuari oso lotuta egon dela adierazi du Ane Urkola Galtzaundiko kideak. «Urtearen heriotza, uzta bilketaren amaiera edota hildako senideak oroitzeko hainbat erritual egin izan dituzte Euskal Herrian: kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jarri, bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko…».
Jaiak euskaratik eta euskaraz bizitzearen garrantziaz jabetuta, jaia berreskuratzeko lanean ari da Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak hainbat herritarrekin batera. Hala, aurten ere misterioa eta antzerkia batzen dituen ibilbidea egingo dute Tolosako Alde Zaharrean zehar. Urriaren 31n izango da, 19:45ean hasita, Tolosako Soldadu kalean.
Urkolarekin batera aurkeztu zuten, atzo, aurtengo egitasmoa Lore Iturrioz, Joana Hernandez eta Amaia Pagola herriko antzerki taldeko aktoreak eta aurtengo ibilbidearen xehetasunak azaldu zituzten. Arimen ibilbidea Soldadu kalean hasiko da, eta Rondila kalean beherantz abiatuko da Atadi kalera –kultur etxearen atzetik–. Handik Zerkausitik barrena joango da, Plaza Zaharra zeharkatu eta Euskal Pizkundea plazan amaituko da. Dantzariak, abesbatzako kideak eta herriko aktore taldea iluntasunak gidatuta iritsiko dira bertara, eta dantza, musika eta antzerkia batzen dituen ikuskizuna izango da bertan.
Ohi moduan, Gau Beltza auzolan handi bati esker antolatu da, eta Galtzaundirekin batera bertan parte hartu dute Udaberri dantza taldeko, Tolosaldeko Ahots Gazteak abesbatzako eta eskualdeko hainbat antzerkigilek eta euskaltzalek. Guztira, 60 boluntariok baino gehiagok hartuko dute parte.
Arimen ibilbidean parte hartzeko ez da izena eman beharko; beraz, nahikoa izango da egunean bertan 19:45ean hasiko den ibilbidera gerturatzea.
Mozorrotzeko deia
Gerturatzen diren haurrei zein helduei Gau Beltzeko jantziekin mozorrotzera animatu ditu Galtzaundik: «Trapu, zapi eta oihal zaharrak jantzita eta baserritar jantzien osagaiak erabilita, maindireekin aurpegiak estalita eta zuriz eta beltzez pintatuta, lastozko txapelak eta koadrozko alkandorak jantzita…». Kontsumismotik urrundu eta irudimena martxan jartzeko deia egin die Galtzaundik herritarrei.