Euskal Herriko organo ondarearen etorkizunari buruzko jardunaldia, gaur

Iturria: Tolosa Turismo

Musikenek eta Arakil Fundazioak elkarlanean antolatu dute 'SOS organoak. Zergatik eta zertarako zaharberritu behar ditugu gure organoak?' jardunaldia.

Musikenek eta Arakil Fundazioak Euskal Herriko organo ondarearen etorkizunari buruzko jardunaldia antolatu dute gaurko, SOS organoak. Zergatik eta zertarako zaharberritu behar ditugu gure organoak? izenpean. Ekitaldia Europako Ondare Jardunaldien barrukoa da.

Ekimenak Arakil Fundazioaren babesa eta finantzaketa jaso du, eta bere helburua Euskal Herriko organo ondare garrantzitsua ezagutaraztea eta balioestea da, baita horren kontserbazioari, hedapenari eta etorkizunari buruzko hausnarketa egitea ere.

Egitaraua 18:00etan hasiko da Tolosako udaletxean, Aitor Olearen hitzaldi batekin; bertan, lurraldeko organoen, haien ezaugarrien eta ondare balioaren inguruko ibilbidea egingo du. Ondoren, mahai-inguru bat egingo dute, eta bertan Ana Belén García, Anton Mendizabal, Jon Bagüés eta Esteban Landartek organoen eta euskal konpositoreek instrumentu honetarako idatzitako errepertorioaren hedapena, kontserbazioa eta egungo gizartean duten presentzia izango dute hizketagai. 

Jardunaldia 20:00etan amaituko da Tolosako Andre Maria elizan, Esteban Landarten eta Musikeneko organo ikasleen kontzertu batekin; elizako Stolz Frères organoan interpretatuko dituzte obrak.

Arakil Fundazioaren eta Musikeneko lankidetza hitzarmena

Jardunaldi hau Arakil Fundazioak eta Musikenek kultur eta arte ekimenak bultzatzeko 2026aren hasieran sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan kokatu dute. Akordio horren esparruan, Arakil Fundazioak diru ekarpena egiten du aurreikusitako jarduerak finantzatzeko; horien artean, Musikeneko Organo Masterreko ikasle bati zuzendutako José Ramón Arriaran Ayestaran beka sortzea.

Lankidetzak beste bi ekintza ere jasotzen ditu: Fundazioak kontserbatzen duen kultur ondareari buruzko ikerketa-proiektu bati babesa ematea, eta 2026-2027 ikasturtean Tolosako parrokian kontzertu bat antolatzea, bertako organoaren aberastasuna balioesteko helburuarekin.

Egitaraua


• 18:00. Hitzaldia eta mahai-ingurua, Tolosako udaletxeko batzar aretoan.

• 20:00. Esteban Landarten eta Musikeneko organo ikasleen kontzertua, Tolosako Andre Maria elizan. Sarrera doan, baina aurrez eman behar da izena dpto.pedagogia@musikene.net helbidean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!