Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamenduak iragarri du N-I errepidera sartzeko bi biribilguneen artean –Amarozko errepidearen azpian– bidegorri tarte berria eraikitzeko lanak hasiko dituela. Horri esker, egungo bideak Txaramara, Tolosako erdialdera eta Usabal kiroldegirantz doazen ibilbideekin lotuko dituzte. Aurreikuspenen arabera, tarte berria urte amaierarako egongo da erabilgarri.
Jarduketa egingo den tartean espaloi bat dago gaur egun, aipatutako ibilbideak lotzeko balio duena; bidegorri berriari esker, ordea, oinezkoek zein txirrindulariek nahikoa leku izango dute tarte horretan. Foru Aldundiak adierazi du esku-hartze puntuala dela, baina garrantzitsua Tolosako ibilbideei jarraipena emateko.
Proiektuak 4,5 metroko zabalerako tarte berri bat eraikitzea aurreikusten du: 2,5 metroko bidegorria eta 2 metroko espaloia. Zabalera hori lortzeko, egungo mediana murriztu eta ardatza lekuz aldatuko dute. Era berean, euri-urak drainatzeko sistema hobetu eta argiztapen berria jarriko dute.
Obrak Tolosako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bati lotuta daudela azaldu dute: Foru Aldundia arduratuko da eraikuntzaz eta finantzaketaren % 57az, eta gainerako % 43a udalaren kontura izango da. Obren aurrekontu osoa 328.428 eurokoa da.
Tolosa – Alegia bidegorria
Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamenduak Tolosaldeko bidegorri-sarea hobetzeko eta handitzeko lanean jarraitzen duela gogorarazi du, eta gaineratu du Tolosa eta Alegia lotzen dituen 3,34 kilometroko zatia osorik eraberritzeko lanak egiten ari direla; horiek ere urte amaieran amaitzea aurreikusten da.