Tolosako Olarrain auzoko Abraham Olano Taldeak antolatuta, 35. aldiz egingo dute txirrindulari anoetarraren omenez egiten den mendi bizikleta zeharkaldi herrikoia. Igande goizean izango da, auzoko festen barruan. 09:30ean aterako dira partaideak auzotik, eta Tolosan itzuli bat eman ondoren, Korteta landa turismoaren ondotik ia Urkizu auzoraino joango dira. Handik Dama Iturrira jaitsiko dira, eta berriro Korteta ondotik igaro eta gero, Albizturrera joango dira.
Bertan, bi aukera izango dituzte. Batetik, Bidania-Goiatz ingurura joan, Urkizutik Herniora doan pistara iritsi arte, eta Urkizura jaistea. Eta bestetik, Albizturtik zuzenean Urkizura igotzea. Azkenik, bi ibilbideek jaitsiera berdina izango dute Olarrainera iristeko. Bidean zehar bi anoa-gune egongo dira: Albizturren, bi ibilbideak banatzen diren tokian, eta Urkizun. Ez da beharrezkoa zeharkaldia hasi aurretik zein ibilbide egin nahi den zehaztea, baina Albizturrera 11:30 baino beranduago heltzen denak, ibilbide laburra egin behar du, nahitaez.
Duela hamar bat urte belaunaldi aldaketa izan zuten taldean, eta orduan, ibilbidea aldatu zuten; geroztik antzeko ibilbidea mantendu dute. «Urtetik urtera, bideen egoeragatik, beti izaten da aldatu beharreko zerbait, baina gutxi gorabehera, azken urteetako berdina izango da».
Zeharkaldia amaitutakoan, partaideek dutxa zerbitzua erabiltzeko aukera izango dute Usabal kiroldegian. Gainera, kirolerako materiala zozkatuko dute zeharkaldia egiten dutenen artean. «Zozketan egokitzen ez zaienek ere zerbait eramango dute etxera».
Ibilbide luzea 33 kilometrokoa (1.200 m+) da; laburra, berriz, 27 kilometrokoa (1.000 m+). «Laburra erosoagoa da nekatuta doazenentzat. Luzea, akaso, teknikoagoa da, eta pisutsua suertatu daiteke», esan du Ekaitz Izagirre zeharkaldiaren antolakuntza taldeko kideak. Hala ere, azaldu du mendi bizikletan gutxieneko maila duen edonor dela gai bi ibilbideetako bat egiteko. «Ez dira exijentzia handikoak, eta teknikoki trebea izan ala ez, gozatzeko modukoak dira. Saiatzen gara jaitsierak bidezidorretatik egiten, dibertigarriagoa delako, baina ibilbidean zehar ez dago inolako jauzirik edo elementu artifizialik».
14 urtetik gorakoek parte hartu dezakete, eta oraindik aukera dago izena emateko. Bi modutara egin daiteke: online, kirolprobak.com webgunean, larunbateko 17:00ak baino lehen; edo egunean bertan, Olarrain auzoan, 08:00etatik 09:15era. Izagirrek aurreratu du partaide kopurua eguraldiaren araberakoa izaten dela. «Iaz, baldintza meteorologiko oso txarrak izan genituen, eta txirrindulari gutxi animatu zen». Hori dela eta, aurten izen-emate epea egunera arte luzatzea erabaki dute. «Aurten, zaila da euririk egingo duen ala ez ziurtatzea, baina badirudi igande goizean ateri eutsiko diola», esan du baikorki.