Udal eta foru hauteskundeak 2027

EH Bilduren Tolosako mahai politikoak Andu Martinez de Rituerto proposatu du alkategai izateko

EH Bilduren Tolosako mahai politikoak Andu Martinez de Rituerto proposatu du 2027ko maiatzaren 23an egingo diren udal foru hauteskundeetan Tolosako alkategai izateko hautagai gisa. 

EH Bilduren Tolosako mahai politikoak Andu Martinez de Rituerto proposatu du udal hauteskundeetan alkategai izateko, esan dutenez «orain arte EH Bilduren proiektuan egin duen ekarpen eskerga kontuan hartuta» hartu dute erabakia. Gehitu dute 2023. urteko udal hauteskundeetan Tolosako zerrendaburu zela, talde subiranistak babes zabala izan zuela, eta baita orduz geroztik egin diren hauteskunde guztietan ere, «udalerrian ezkerreko subiranismoaren goranzko joera sendotuz eta alde handiagoz tolosarren lehen aukera politikoa bilakatuz». 

Mahai politikoak egindako proposamenaren inguruko arrazoiak eman ditu: «2023az geroztik, Martinez de Rituertok tolosarren beharrak behar bezala identifikatzeko eta horiei erantzuna ematen jakin du, beti ere tolosarren interes orokorra lehenetsiz eta gobernantza kooperatiboaren bitartez herritarrekin lan egiteko modua ezarriz. Tartean dira Tolosako Udalak martxan jarritako AuzoEkin ekimena, etxebizitzaren erronkari erantzuteko ekimen integralak, eta Zumarditxikia herritarren gozamenerako gune izatea, besteak beste». Gehitu du tolosarrak «erabateko gaitasuna» duela  Tolosak parez pare dituen erronkei erantzuteko, «hori baita azken lau urteetan egindako lanketaren erakusgarri». «Herritarrekin erabateko elkarlanean, ezinbesteko elementua da EH Bilduren proiektua gauzatzeko. Halaber, herritarren behar eta kezkei erantzuteko proiektu eta balioak ditu EH Bilduk, gipuzkoarren gehiengoak adierazten duen gisan. Eta urteotan erakutsi duen konpromisoagatik, Tolosan hori gidatzeko pertsona egokiena da Andu Martinez de Rituerto».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!