Herriko ekonomia dinamizatzeko eta tokiko kontsumoa bultzatzeko, Tolosako Udalak Gure Dendak eta Gure Azoka bonu-kanpainak jarriko ditu martxan. Herritarrak bertako saltokietan eta Tolosako Azokako postuetan kontsumitzera animatu nahi du ekimenak, eta horrela, tokiko merkataritza indartu, bertako ekoizleen jarduera ekonomikoa sustatu eta hurbileko produktuen kontsumoa bultzatzea. Bi kanpainek, guztira, 70.000 euroko aurrekontua izango dute: 60.000 euro Gure Dendak kanpainarako, eta 10.000 euro Gure Azoka kanpainarako.
Gure Dendak kanpaina astelehenean hilaren 26an hasiko da, eta 6.000 bonu jarriko dira eskuragarri. 30 euroko gastu bakoitzeko, bonu bat aplikatu ahal izango da, eta bonu bakoitzak 10 euroko deskontua emango du. Bonuak metagarriak dira; alegia, 30 euroko erosketarekin 10 euroko deskontua eskuratu ahal izango da; 60 euroko erosketarekin, 20 eurokoa; 90 euroko erosketarekin, 30 eurokoa; eta horrela, hurrenez hurren. Pertsona bakoitzak, gehienez, bost bonu erabili ahal izango ditu.
Gure Azoka
Azokako kanpaina aste berean hasiko da, larunbatarekin: urriaren 31n. 2.000 bonu jarriko dira eskuragarri. Bonu bakoitzak 5 euroko deskontua emango du, eta bestean bezala, honetan ere, metagarriak izango dira: 10 euroko erosketarekin, 5 euroko deskontua eskuratuko da; 20 euroko erosketarekin, 10 eurokoa; 30 euroko erosketarekin, 15 eurokoa; eta 40 euroko erosketarekin, 20 eurokoa. Pertsona bakoitzak, gehienez, lau bonu erabili ahal izango ditu.
Bi kanpainetan, bonuak establezimendu edo postu batean edo hainbatetan erabili daitezke, erosketa bakarrean edo hainbat erosketatan banatuta. Kanpainan parte hartzeko, gutxienez 16 urte izatea beharrezkoa izango da.
Deskontua salmenta-puntuan aplikatuko da zuzenean, eta bonuak ezin izango dira eskudirutan trukatu; era berean, ez da itzulketarik egingo. Bonuak azaroaren 21era arte erabiltzeko aukera izango da.
Kanpaina bakoitza martxan hasten denean, aukera izango da kanpaina bakoitzean parte hartuko duten establezimenduen eta postuen zerrenda ikusteko; baita horietako bakoitzean zenbat bonu dauden denbora errealean ikusteko ere, bonoak.tolosa.eus webgunean.
Aitor Agirresarobe Merkataritza, Azoka eta Turismo saileko zinegotziak herritarrei ekimenarekin bat egiteko eskatu die eta herrian bertan kontsumitzera animatu ditu, «herriko ekonomia indartzeko balioko duelako».