Iruña etorbidetik Usabal kiroldegira doan zubian birgaitze lan batzuk egingo dituzte oinezkoen pasabideetako batean. Egurrezko lurra hondatu egin da, erabilera handiagatik eta eguraldiaren eraginez. Egoera ikusita, behin-behineko irtenbide bat eman zitzaion, gainean egurrezko ohol berriak jarrita, baina konponketa horrek ere arazoak eman ditu jada, eta behin betiko irtenbidea emango zaio orain.
Material sintetikozko lamak jarriko dituzte metalezko egitura baten gainean. Udalak esan du material horrek egurrak baino iraunkortasun handiagoa duela, eta hobeto jasaten duela eguraldi txarra. Lan horiek egiteko, mendebaldeko oinezko bidea (kiroldegi aldekoa) itxita egongo da hiru astez eta, beraz, ekialdeko oinezko bidea erabili beharko da zubia gurutzatzeko. Beste oinezko bidea konpontzeko lanak datorren urtean egingo dituzte.