Herri zaintzaileago eta erantzunkideago baterantz

Zaintza Planaren eta ongizate emozionalaren diagnostikoaren emaitzen aurkezpena, atzo.

Tolosako Udalak Zaintza Ekosistemaren I. Ekintza Plana landu du, herrian zaintzak antolatzeko egungo eredua eraldatzeko eta Tolosa herri zaintzaileagoa, bidezkoagoa eta inklusiboagoa bihurtzeko helburuarekin.

Tolosako Udalak I. Zaintza Plana eta ongizate emozionalaren diagnostikoaren emaitzak aurkeztu zituen atzo, Topic-en. Planak eskubide eta erantzukizun kolektibo gisa ulertzen du zaintza, eta zaintzaren ardura erakunde publikoen, komunitatearen eta ehun sozioekonomikoaren artean partekatzeko beharra azpimarratzen duela esan du udalak.

Ekintza Plana 2024an abiatutako diagnostiko partekatuan eta 2026an garatutako parte-hartze prozesuan oinarritzen da. Prozesuan, udaleko hainbat sail, herriko eragile komunitarioak eta zaintzaren arloan diharduten erakunde eta profesionalak aritu dira elkarlanean, Tolosako zaintza-ekosistemaren indarguneak eta erronkak identifikatzeko eta etorkizuneko jardun-ildoak adosteko.

Ekimenaren bidez, Tolosak sendotu egin nahi du zaintzaren eremuan azken urteotan egindako lana, eta jauzi kualitatiboa egin, hartara, zaintzak udal-politiken zeharkako ardatz bihurtzeko, eta herriko baliabide, zerbitzu eta eragileak elkarlanean artikulatzeko.

Bost lan-ildo estrategiko zaintza-sistema eraldatzeko
Planak bost lan-ildo estrategiko eta hamazazpi helburu zehatz jasotzen ditu, zaintzaren antolaketan eraldaketa integrala sustatzeko. Lehenik, gobernantza publiko-komunitarioa indartu nahi da, Zaintza Foroa eta Sailarteko Zaintza Mahaia egituren bidez, eragileen arteko koordinazioa eta herritarren parte-hartzea sustatzeko.

Bigarrenik, erantzunkidetasun kolektiboa eta artikulazio komunitarioa bultzatuko dute, auzoetako zaintza-sareak, belaunaldien arteko harremanak, bizikidetza-eredu berriak eta kulturarteko komunitate inklusiboa sustatuz.

Hirugarren lan-ildoak arreta-eredu integrala eta zerbitzuen hedapena ditu ardatz. Horren barruan sartzen dira osasun emozionalaren zaintza, prebentzio-baliabideak indartzea, pertsona oinarri duen arreta, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea eta haur, nerabe eta gazteentzako aisialdi publiko eta inklusiboa.

Laugarrenik, zaintza lanen balio soziala aitortzeko sentsibilizazioa eta trebakuntza sustatuko dira, egungo zaintza ereduaren desberdinkeriak ikusarazteko eta, bereziki, gizonen inplikazioa eta zaintzen banaketa bidezkoagoa bultzatzeko.

Azkenik, zaintzaileen eskubide sozial eta laboralak bermatzea izango da beste lehentasunetako bat. Horretarako, zaintzaile profesionalen eta familia inguruneko zaintzaileen baldintzak hobetzeko, informazioa eta aholkularitza ematea aurreikusten da, besteak beste. 

Gobernantza publiko-komunitario berria, lankidetzan oinarritua
Ekintza Plana garatzeko, Tolosako Udalak hiru mailatan antolatutako gobernantza eredua proposatu du. Helburua da zaintzaren inguruan lanean ari diren egiturak koordinatzea, hutsuneak identifikatzea eta eragile berrien arteko lankidetza sustatzea.

Zaintza Foroa izango da estrategia politiko eta komunitarioaren gune nagusia; Sailarteko Zaintza Mahaiak, berriz, udaleko sailen arteko koordinazioa eta planaren garapen teknikoa sustatuko ditu. Horiez gain, eremukako mahaiak eta proiektu zehatzetarako taldeak sortzea aurreikusten da, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen zaintzan, haur eta gazteen arretan eta zaintzaileen egoeran sakontzeko.

Gobernantza eredu horrek ez du zaintza gizarte-zerbitzuen ardura esklusibotzat hartzen. Aitzitik, udal-politika guztietan txertatu beharreko ikuspegi gisa ulertzen du, eta herritarren, elkarteen, profesionalen eta erakundeen arteko elkarlana funtsezkotzat jotzen du.

Zaintza eredu bidezkoago baterako trantsizioa
Planaren oinarrian ikuspegi feminista, intersekzionala eta antiarrazista dago. Izan ere, diagnostikoak agerian utzi du zaintza lanen zama emakumeen gain jartzen dela oraindik ere, eta emakume migratu eta arrazializatuek arrisku handiagoa dutela zaintza sektoreko lan baldintza prekarioenak pairatzeko.

Era berean, erronka nagusi gisa identifikatu dituzte adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen autonomiari eustea, haur eta gazteen ongizate emozionala bermatzea, bakardadeari aurre egitea eta zaintzaileen eskubideak aitortzea. Horregatik, planak ez die gaur egungo beharrei soilik erantzun nahi. Epe luzerako eraldaketa prozesua sustatu nahi du, zaintzaren erantzukizuna modu bidezkoagoan banatzeko, zerbitzu publikoak indartzeko, komunitatearen elkartasun-sareak ehuntzeko eta pertsona guztien zaintza-eskubidea bermatzeko.

Hurrengo urratsak gobernantza egitura martxan jartzea, lehentasunak zehaztea eta urteko plan operatiboen, aurrekontuen eta jarraipen-mekanismoen bidez ekintzak gauzatzen hastea izango dira. Tolosako Zaintza Ekosistemaren I. Ekintza Planaren helburua da bizitza erdigunean jartzen duen udalerri bihurtzea Tolosa, pertsona guztien duintasuna, autonomia eta ongizatea bermatzeko bidean.

Ongizate emozionala eta zaintza, eskutik helduta
Zaintza Planaren inguruko lana bat dator udaletik abiatutako ongizate emozionalaren azterketarekin. Izan ere, ongizate emozionalaren diagnostikoa nahiz zaintza plana aurkezteko egindako saioan gogorarazi den moduan, ongizate emozionala eta zaintza elkarren menpeko dira, lotuta daude. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!