Tolosako Zerkausian Elkarteen eta Boluntarioen Azoka ari dira egiten. Tolosako Udalak eta Osoki Lanbide Ikastolak elkarlanean antolatu dute egitasmoa, eta 13:15era arte egongo dira informazio postuak. Azokaren helburua da boluntariotza sustatzea, eta baita Tolosako elkarteen —edo herrian jarduten dutenen— aniztasuna erakustea eta boluntarioen lana ikusaraztea. Aurtengo edizioan 25 elkartek hartu dute parte, eta bertaratu direnek haien jardunaren berri izan dute. Informazioa jasotzeaz harago, interesa dutenek boluntario lanetan parte hartzeko izena ere eman ahal izan dute.
Tolosako ikastetxeetako 536 ikasle inguru pasa dira azokatik. Merkatura gerturatzeaz gain, ikasle horiek guztiek aurre-lanketa bat egin dute ikastetxean elkarteen jardunari buruz, eta lan horrekin jarraituko dute azokan bertan nahiz ondoren. Parte hartzen duten ikasle guztien artean, Tolosako kirol eta kultur produktuetan gastatzeko bonuak zozkatuko dituzte, Tolosa&Co elkartearen eskutik.