Hasiera gazi-gozoa Tolosa CFko emakumezkoen taldearena

Josu Artutxa Dorronsoro

Zazpi jokalari berri ditu taldeak, eta lehen sei partidetan beste horrenbeste puntu pilatu ditu; sailkapenean goiko postuetan egoteko borrokan sartzea da helburua.

Tolosa CF-ko emakumezkoen lehen taldeak laugarren denboraldia du jarraian Hirugarren RFEF Mailan. Lehen bi urteetan hamargarren postuan amaitu zuen liga –16 talde ziren–; iaz, berriz, hirugarren talde onena izan zen, liderrarengandik sei puntura. Aurten, hamalau talde daude ligan, iaz baino bi gehiago, eta lehen bi sailkatuek mailaz igotzeko kanporaketa jokatuko dute.

Uda mugitua izan da taldearentzat. Zenbait baja izan dituzte, eta zazpi jokalari berri iritsi dira. Guztiek ere, «lanerako eta lehiarako ilusio eta gogo handia» dutela azpimarratu du Izaro Goenaga taldeko bigarren entrenatzaileak. «Hala ere, ez da erraza denek joko-estilo berean jokatzea eta dinamika on bati eustea. Pixkanaka ari gara hori lortzen, eta ea zelai erditik aurrera gehiago asmatzen dugun», gaineratu du.

Emaitzei erreparatuta, lehen sei jardunaldiak jokatu ondoren, hamaikagarren postuan da talde urdina, sei punturekin. Partida bakarra irabazi du, hiru berdindu eta bi galdu; etxean ez du partidarik irabaztea lortu, eta bi porrotak Athletic Club C eta Añorga talde indartsuen aurka izan dira. Goenagak esan du «hasiera gazi-gozoa» izan dela, uste zutena baino kaskarragoa. «Berdindutako partidak irabazi beharrekoak ziren, baina futbola batzuetan injustua da, eta baloiak ez du beti atean sartu nahi izaten».

Bigarren entrenatzaileak argi du hasiera besterik ez dela, eta denboraldi luzea dutela aurretik. Hala ere, aitortu du lehen posturako borrokan aritzea dela helburua. «Iaz, denboraldi oso ona egin genuen, baina lehen posturako borroka horretan ez ginen bizirik iritsi liga amaierara, eta hori da aurtengo erronka». Hori lortzeko, ezinbestekoa izango da puntuak hirunaka pilatzen hastea. «Lanean jarraitu behar dugu. Badakigu ondo jokatzen, eta egoerari Buelta emateko gai gara. Ondo entrenatuz gero, helduko dira nahi ditugun puntu preziatuak, eta gorantz egingo dugu sailkapenean».

Neurketa guztiak zailak

Hirugarren RFEF Mailan «jokalari gazte asko» dagoela esan du Goenagak, eta «geroz eta maila hobeagokoak» direla. Besteak beste Euskal Herriko talde handienen harrobiko hiruzpalau talde daude. «Taldeak, oro har, kalitate handikoak dira. Joko ona eginda ere, ez da batere erraza zenbaiti irabaztea. Eta beste batzuetan, nahi dugun jokua ez eginda ere, puntuak lortzen ditugu».

Datozen lau jardunaldietan Alaves B, Oiartzun, Reala C eta Bizkerre B izango ditu aurkari Tolosak. Alavesen eta Realaren aurka etxean jokatuko du. «Neurketa guztiak dira zailak. Pausoz pauso joango gara, asteburuz asteburu. Garrantzitsuena ondo entrenatzea da, horrek asko ahalbidetuko digulako partidak irabaztea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!