Futbol taldeentzat oraindik garaiz da denboraldiaren lehen balorazioa egiteko, baina Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailan lehiatzen den Tolosa CF-ko Eneko Martija entrenatzaileak esan du «hasiera positiboa» izaten ari dela. Sei partidatan 13 puntu lortu ditu taldeak, eta hirugarren postuan da sailkapenean.
Orain arte, etxetik kanpo jokatutako hiru partidak irabazi ditu Tolosak. «Hori ez da erraza izaten», esan du prestatzaileak, baina gaineratu du egiteke dutela etxean emaitza onak lortzen hastea. «Gehiago ari zaigu kostatzen». Taldeak Berazubin jokatzen ditu etxeko partidak, hau da, belar naturaleko zelaian; kanpokoak, berriz, belar artifizialekoetan izan ohi dira.
Denboraldi-aurrea «nahiko irregularra» izan zela aitortu du Martijak. «Berandu hasi ginen entrenatzen, eta lehen hilabete hauetan, lan-karga handiko entrenamenduak ari gara egiten, oraindik jokalariak fisikoki ez daudelako punturik gorenean. Hobetzeko marjina handia daukagu».
Gertutasuna, gako
Aurten hiru jokalari igo dira harrobitik lehen taldera, eta hiru fitxaketa egin dituzte: Ander Ruiz amezketarra Hernanitik etorri da, lehenago Tolosan jokatu zuen Endika Iriarte, berriz, Beasaindik, eta azkenik, profesional mailan zenbait denboraldi egindako Julen Castañeda, etxera itzuli da. «Ilusio handia zuen herrira itzuli eta bertako taldean jokatzeko. Halako jokalari bati ezin diogu ezezkorik esan», esan du Martijak.
Prestatzaile tolosarrak lehen denboraldia du lehen taldean. Hori bai, taldeko jokalari ia denak, % 90 inguru, lehendik ezagutzen zituen, harrobiko taldeetan entrenatu izan dituelako. Horrek «asko» laguntzen duela nabarmendu du: «Oso ondo ezagutzen ditut jokalarien dohainak, eta haiek konfiantza eta gertutasun handia transmititzen didate. Hori nabari da gero zelaian».
Prestatzaile tolosarrak esan du azken urteetan taldeak izan dituen entrenatzaileek transmititu nahi izan duten ideia, harenarekin alderatuta, «oso bestelakoa» izan dela, eta oraindik ez duela lortu jokalariei berea transmititzea. «Pixkanaka, ari gara hobetzen, zalantzak argitzen, akatsak zuzentzen eta ondo egiten duguna nabarmentzen, baina ideia zelaian ahalik eta ondoen transmititzea lortzeko prozesua oso luzea izan ohi da».
Parekotasun handia
Denboraldi hasierako emaitzei eta ligako sailkapenari erreparatuz gero, parekotasuna handia da. Sei puntuko aldea besterik ez dago bigarrenaren eta 14.aren artean. Oraingoz lehen bost postuetan dauden taldeetatik hiruren aurka –Zarautz, Anaitasuna eta Oiartzun– lehen eta bigarren itzulietako azken jardunaldietan jokatuko du Tolosak, urte amaieran eta denboraldi amaieran. «Momentuz, sentsazioa da partida zailenak izango direla. Horregatik, neurketa horiei begira ari gara lantzen prestakuntza fisikoa», esan du Martijak. Hala ere, prestatzaileak nabarmendu du edozein talderentzat maila zaila dela, «edonork irabazi diezaiokeelako edonori. Ez dago faborito argirik, ezta aurkari errazik ere».
Martijak argi du epe luzera begirako helburua: «azken jardunaldira arte sailkapeneko goiko postuetan bizirik mantentzea, eta, ahal bada, igoerarako borrokan egotea». Lehen sailkatua zuzenean igoko da mailaz, eta bigarren sailkatuak kanporaketa jokatu beharko du. «Erronka oso zaila da, eta prozesu luzea eskatzen du, baina aukera izanez gero, ilusio handia izango dugu».