Haurren Hiriaren helburua da 8 eta 12 urte bitarteko haurrek herriaren diseinuan eta erabakietan parte hartzea da. eta Nerabeen Foroarekin nerabeen errealitatea eta beharrak ezagutu nahi ditu Tolosako Udalak. Gainera, 2026-2027 ikasturtean Inauterietan ere, Elkar Zaindu egitasmoa egingo dute 1. eta 2. mailako batxilergo ikasleek.
Haurren Hiria: elikadura osasungarria eta jasangarria
Haurren Kontseiluko kideek lau lansaiotan aztertuko dute nola hobetu daitezkeen Tolosako elikadura ohiturak, eta osasungarriagoa eta jasangarriagoa egiteko proposamenak garatuko dituzte; 3-5 proposamen kolektibo landuko dituzte, gero udalari aurkezteko.
Prozesuaren helburua da haurrak haien ingurunean eragiteko protagonista izatea, haien eguneroko esperientzietatik abiatuta eta haien iritziak zein ekarpenak kontuan hartuta.
Lehen saioan, elikadura osasungarriaren oinarriak landuko dituzte, gosariaren eta hamaiketakoaren garrantzia aztertuta; bigarrenean, elikagaien jatorria, bertako eta garaiko produktuak, Tolosako azoka eta kontsumo ohiturek ingurumenean duten eragina ezagutuko dituzte; hirugarren saioan, haurrek Tolosako elikadurarekin lotutako erronkak identifikatu eta konponbideak proposatuko dituzte; eta azken saioan, berriz, proposamenak partekatu, hobetu eta lehenetsiko dituzte, guztion artean 3-5 proposamen kolektibo adosteko Tolosako elikadura osasungarria eta jasangarria hobetu ahal izateko.
Saioak metodologia dinamikoen bidez eta parte-hartze bidez egingo dituzte, jolasak, talde lana, hausnarketa eta sormena uztartuz. Besteak beste, elikagaien jatorria aztertuko dute, plastikorik gabeko hamaiketakoak diseinatuko dituzte eta elikagai-hondakinak murrizteko ideiak landuko dituzte.
Prozesu osoan, haurren protagonismoa, aniztasunarekiko errespetua eta parte-hartze segurua bermatzea izango dira oinarriak. Era berean, Tolosako eta Tolosaldeko errealitatea hartuko dute abiapuntu, tokiko produktuak, baserriak, azoka, ikastetxeetako jangelak eta herriko saltokiak aztertuz.
Ikasturtearen amaieran, haurrek landutako proposamenak udalari aurkezteko dokumentu batean bilduko dira, haien ahotsa udalerriko elikadura-ohiturak eta ingurunea hobetzeko ekarpen bihur dadin.
Nerabeen Foroa: ingurune fisiko, emozionala eta digitala
Tolosako Udalak Nerabeen Foroaren hirugarren parte-hartze prozesua jarriko du martxan ikasturte honetan. Ekimenaren helburua da nerabeen iritziak eta bizipenak entzutea, eta udalerriko ingurune fisikoari, emozionalari eta digitalari lotutako proposamenak elkarrekin lantzea.
Parte-hartze prozesua hiru fasetan egituratuko da: entzutea, deliberazioa eta intzidentzia. Lehenengo fasea, entzutea, udazkenean hasiko da, koordinazio-lanen bidez. Tolosako nerabeen errealitatea ezagutzeko lehen diagnostikoa egingo da entzute-fasean. Horretarako, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleei zuzendutako inkesta digital bat egingo da, 30-40 galderaz osatua.
Bigarren fasean, deliberazioan, bi orduko hiru saio egingo dira, nerabeen esperientziak aztertzeko eta hobekuntza-proposamenak lantzeko. Saioen egutegia ikastetxeekin koordinatuta adostuko da, ikasleen beharretara egokitzeko.
Hirugarren fasean, intzidentzian, prozesuan landutako proposamenak Tolosako udal-ordezkariei aurkeztuko zaizkie. Horrela, nerabeek identifikatutako beharrak eta egindako ekarpenak udalaren ezagutzara eta erabaki-prozesuetara eramateko aukera izango dute. Azkenik, itzulera-fasea egingo da, parte-hartzaileei prozesuaren emaitzen berri emateko.
Udalak 2023-2024 ikasturtean abiatu zuen Nerabeen Foroa, Tolosako nerabeen parte-hartzea sustatzeko eta udalerriko gaietan haien ahotsa txertatzeko asmoz. Ordutik, hainbat gai landu dira parte-hartze prozesuen bidez, hala nola nerabeen aisialdia eta Tolosako inauteriak. 2026-2027 ikasturteko prozesuak beste urrats bat egingo du, nerabeen eguneroko bizitzan funtsezkoak diren hiru eremutan sakonduz: ingurune fisikoa, emozionala eta digitala.
Tolosako Nerabeen Foroaren bidez, nerabeek parte-hartzeko espazioak indartu nahi ditu udalak, haien ikuspegia eta proposamenak udalerria hobetzeko prozesuetan txertatzeko. Nerabeen eguneroko esperientziatik abiatuta, haiekin batera eraiki nahi da Tolosa inklusiboagoa, seguruagoa eta haien beharretara egokituagoa izateko bidea.
Inauteri arduratsuagoen alde lan egingo dute Tolosako gazteek
Era berean, udalak parte-hartze prozesu bat jarriko du martxan Orixe, Herrikide eta Laskorain ikastetxeetako batxilergoko ikasle guztiekin, zarata murrizteko, udal baliabideak zaintzeko eta 2027ko inauterietako elkarbizitza hobetzeko.
Inauterietan ere, Elkar Zaindu egitasmoa 2026-2027 ikasturtean garatuko da, Arazi enpresaren dinamizazioarekin eta ikastetxeen lankidetzarekin. Helburua da inauteriak modu arduratsuagoan bizitzeko akordio praktikoak lantzea, ezarritako mugak errespetatuz, baliabide publikoak behar bezala erabiliz eta gazte taldeen arteko koordinazioa hobetuz. Era berean, gazteen beharretara egokitutako programazioa landuko da.
Ekimena batxilergoko 1. eta 2. mailako 26 ikasgelatara iritsiko da, guztira 52 saiorekin. Haren bidez, gazteen parte-hartzea eta erantzukizun partekatua sustatu nahi dira.