Azoka egingo dute igandean Bedaion

Postuak auzoko frontoian izango dira, 10:00etatik 13:45era bitarte. Aurtengo gaia artzaintza izango da, eta azoka osatuko duten postuetan ez dira faltako bertako eta garaiko produktuak nahiz artisauen lanak.

Igandean, Bedaioko Azoka Berezia egingo dute auzoko frontoian, 10:00etatik 13:45era bitarte. Auzotarrek adierazi dutenez, «bertako produktuei eta auzolanari esker» antolatu dute beste urte batez azoka. Aurtengo gaia artzaintza izango da, eta azoka osatuko duten postuetan ez dira faltako bertako eta garaiko produktuak nahiz artisauen lanak: ogiak, barazki freskoak, haragia, postreak, gazta, eztia, gaztaina erreak, taloak, ukenduak, olio naturalak, puntuzko eskulanak, eskuz egindako bitxiak eta pilotak. 

Produktuak erosteaz gainera, artzaintzarekin lotutako tresnak ikusteko aukera izango dute azokara joaten direnek, eta ohi moduan, animalien erakusketa ere egingo dute baserritarrek.

Autobus zerbitzua

Tolosatik joan-etorria egiteko autobus zerbitzua izango da. Bi zerbitzu izango dira orotara igotzeko, eta bat jaisteko. Hauek dira ordutegi eta geralekuak: Tolosatik Bedaiorako lehen zerbitzua 10:45ean Tolosako San Frantzisko elizako geralekuan; 11:00etan Alegiako eskolako geltokian; eta 11:05n Ugarten. Bigarren zerbitzua, berriz, 11:45ean Tolosako San Frantzisko elizako geralekuan; 12:00etan Alegian; eta 12:05n Ugarten. Bedaiotik Tolosara joateko zerbitzua eliza paretik abiatuko da autobusa 13:30etan, eta joaneko geldialdi berak egingo ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!