ERREPORTAJEA

Atila y los Unos, zoramen baten amaiera

Roberto Prados 'Rototones', Koldo Otxoa (teklatua), Jesus Prados 'Atila' eta Xabi Lozano (bateria), Bonberenean. A. IMAZ

Tolosako Atila y los Unos taldeak azken kontzertua emango du Bonberenean, abenduaren 26an, 19:00etan. Sarrerak online erosteko aukera izango da. 40 urteko ibilbidea gogoratuko dute egun ahaztezin horretan.

Tolosa, 1980ko hamarkada. Kuadrilla bateko gazteak entseguetan ari dira euren lokalean, baina ez dute zuzeneko bat lortzeko aukerarik ikusten. Jesus Prados Atila (Tolosa, 1949) eta Roberto Prados Rototones (Tolosa, 1951), taldekide ez izan arren musikazale amorratuak, eurak entzutera joaten dira lokalera, sarri. Kezka ikusita, Atila udaletxera joaten da, sarri, kulturako teknikariari kontzertu zabal bat antolatzeko eskatzera. Kulturako arduradunak eta bere inguruak, ziurrenik Atila gehiago ez ikusteko, jaialdi bat antolatzen dute eskualdeko musika taldeentzat, zezen plazan. Orain, ordea, kuadrillako gazteak konbentzitu behar dituzte jotzeko.

«Aizue, jo egingo duzue», esaten die Atilak. Abeslari izateko hautagaiak, Jabi Otxoak, ezetz, oraindik ez daudela behar bezala prestatuta. Atilak ez du atzera egiteko asmorik: «Orain niri ez etorri kontu horiekin. Eman dudan txapa eta gero, zer esan behar diot kulturakoari? Bai edo bai jo egin behar duzue. Eta, beharbada, nik kantatuko dut». Taldekideak ados daude: «Zuk abesten baldin baduzu, joko dugu».

Atila y los Unos taldearen lehen kontzertua Tolosako zezen plazan. ATARIA

Horrela hasi zen Atila y los Unosen historia. Lau hamarkadako ibilbidea, 150 kontzertu inguru eta betirako gelditu diren hamaika pasadizo. Azken istorioa abenduaren 26an biziko dute, Bonberenean, 19:00etan.

Atilak berak, Jesus Pradosek, azaltzen du azken kontzertuaren zergatia: «Ez naiz jada lehen bezala sentitzen. Azken kontzertuetan askoz gehiago kostatzen zait. Bizitza osoa izan naiz asmatikoa, eta hori ere nabaritzen da. Ez badut agertokian gustura egoteko indarrik, alde egin behar dut. Ez naiz arrastaka ibiliko».

Jesus Prados 'Atila': «Ez naiz jada lehen bezala sentitzen. Azken kontzertuetan askoz gehiago kostatzen zait»

 

Algara, inprobisazioa, inauteriak eta soinu ona dira taldearen ezaugarri nagusiak. Azken kontzertuaz galdetuta, ezustekoak aipatu dituzte, baina ezin aurreratu asko, eurek ere ez baitakite zer gertatuko den: «Saiatuko gara jatorrietara pixka bat itzultzen, baina ez dut gehiago esango, jendea ezustean harrapatzeko. Gurekin egon den jendea ere gonbidatuko dugu jotzera. Zerbait egingo dugu, ziur». Eta, ondoren, barre artean, beste aukera bat ere bota dute: «Ezusteko handiena jende guztia etorri eta gu ez egotea izango litzateke. Hori ideia bikaina da!».

Inauterikeriak, taldearen beste ezaugarri bat.

Jesus Prados 'Atila': «Ezustekoak izango dira azken kontzertuan, baina ez dut gehiago esango»

 

Baina amaiera hori ez da egun bateko kontua. Atila y los Unosen agurrarekin, Tolosako eta inguruko musika eszenaren zati bat ere agurtuko da: gaztetxeak, kontzertu alternatiboak, inprobisazioa, umorea eta publikoarekin harreman berezia izan duen talde bat. Atilak, Koldo Otxoa teklatuak (Tolosa, 1970), Xabi Lozano bateriak (Tolosa, 1961) eta Roberto Prados Rototonesek badakite ez direla inoiz izar handiak izan. Baina ez dute horren beharrik izan, eta agian, horregatik iraun dute iraun dutena. «Ez gara inoiz diruagatik edo famagatik mugitu», azaldu du Lozanok. «Kuadrilla bat izan gara, eta gurekin koherenteak ziren gauzengatik jo dugu. Giro alternatiboan ibili gara. Jendearen berotasuna jasotzea nahikoa zen».

 

Xabi Lozano: «Entseguetan ordu asko eta asko sartu ditugu, taldeak beti izan du soinu ona»

 

Hori izan da, hain zuzen ere, taldearen ezaugarrietako bat: musika eta ikuskizuna bereiztezinak izan dira beti. Oholtzara igotzen ziren, baina ez ziren han geratzen. Atila publikoaren artera jaisten zen, jendea kantuan eta dantzan jartzen zuen, eta, beharrezkoa bazen, kalejira bihurtzen zuen kontzertua. Atilaren hitzetan, atzean, ordea, ordu askotako lana zegoen. «Nik ikusleen giroa aztertzen dut hasieran. Hotz baldin badaude, lan gehiago egitea tokatzen zait. Baina ez da nire kontua bakarrik: nik egiten dudana egiteak ez du balio atzean taldeak soinurik ez badu. Eta horretan sekulako lana egin dute taldekideek. Beti esan izan digute taldeak izugarri jotzen duela».

Taldea lagun eta senideekin kontzertura bidean.

Atila ez da sekula errepikapenaren zale izan. Kantuen letrak ez dira inoiz berdinak, eta kontzertu bakoitza aukera bat da beste zerbait asmatzeko: «Inprobisazio hutsa da. Ez zait gustatzen gauza bera behin eta berriz egitea». Horregatik, Atila y los Unosen kontzertu batera joatea ez da kanta zerrenda ezagun bat entzutera joatea soilik. Ezustekoek bere lekua dute: kapa bat, kasko bat, zaldi bat, moto bat, argi-zuzi bat edo piragua bat. Batzuetan, baita poliziaren aurrean ihesaldia ere.

Atila y los Unosen izena, kapa eta kaskoa

Lehen kontzertu hartako eguna iritsi zenean, Atilak ez zuen abeslari izateko esperientziarik. Elektrikaria zen, eta hala jarraituko zuen urte luzez. Baina behin hitza emanda, ezin zuen edozer modutan agertu. «Nik ezin nuen oholtzara ezer gabe igo», gogoratzen du. Koinatak, «artista bat», kasko bat egin zion; kapa, berriz, auzoko apaizari eskatu zion. «Bai, ongi entzun duzu: apaizari. Baietz esan zidan, baina, kontuz, gero itzultzeko baldintzarekin».

Lehenago, ordea, taldeari izena jarri behar zitzaion. Arratsalde osoa eman zuten Atilaren etxean izenak bota eta bota, zerrenda luze bat osatu arte. Telebistan Atila y los Unos filma ematen ari ziren. Atilaren emazteak, aspertuta edo inspiratuta, proposamen argia egin zien: «Zergatik ez dituzue horrenbeste txorakeria uzten eta Atila y los Unos aukeratzen? Atilak behin kantatuko du, eta gero zuek Los Unos bezala jarraituko duzue».

Ideia asko gustatu zitzaien guztiei, eta izenarekin geratu ziren. Ez zuten, ordea, sekula pentsatuko horrenbeste urtez iraungo zutenik.

Kapa eta kaskoa jantzita, baxua eskuan hartuta, Korreo kaletik zezen plazaraino abiatu zen Atila; atzetik, taldekideak zituela. «Plazara sartu nintzen, jendea ikusi nuen, eta pentsatu nuen: 'Zer ostia egiten dut nik hemen?'. Zuzenean barrara joan nintzen trago bat hartzera». Ingurukoak hari begira zeuden, noski: halako pertsonaia bat ez zen oharkabean pasatzen. Talde ugari ari ziren jotzen egun hartan, eta Atila, bere lehen agerraldian, oholtzara igo zen.

Taldekideak elkarri begira zeuden, publikoari baino gehiago. Atila, berriz, jendeari begira hasi zen kantuan, burura zetorkiona esaten: «Potroetan jartzen zitzaidana kantatzen nuen». Publikoaren aurrean sortutako pertsonaia hura ez zen soilik mozorro bat: handik aurrera, taldearen nortasunaren erdigune bihurtuko zen.

Kantu ezagunenetako bat ere lehen kontzertu hartan sortu zen: Las ratas del río Oria. «Txikitan, Oriaren inguruan bizi ginen, eta karabinarekin arratoien atzetik ibiltzen ginen. Nik uste lehen kontzertu hartakoa dela kanta. Gero, ordea, joaten ginen lekuko arratoiei kantatzen nien. Letrak, tokian tokiko girora, publikora edo garaiko gertakarietara egokitzen nituen; beti zirikatzeko asmoz».

Zezen plazako kontzertua bukatu zenean, kultura arduraduna hurbildu zitzaion. «A ze sasikumea! Ez zenidan esan zu zinela abeslaria. Orain ulertzen dut eman zenigun tabarra». Atila saiatu zen bera abeslaria ez zela azaltzen, «uste dut inoiz ez didala sinetsi».

Handik gutxira, Olatzagutiatik deitu zieten. Tolosako zezen plazan ikusi ondoren euren herrian nahi zituzten. Atila y los Unosek ez zuen errepertorio itxirik, ezta aurrez zehaztutako ikuskizun bat ere. Taldekideek nahi zutena jotzen zuten; Atilak, nahi zuena kantatzen zuen. Publikoa erotu egiten zen, eta haiek ere bai. Oholtzatik jaitsi, berriro igo, jendearekin nahastu eta dena musika festa bihurtzeko helburuz. Horrela hasi ziren herriz herriko ibilbidearekin.

Urteek aurrera egin ahala, taldearen inguruko istorioak pilatzen joan ziren.

Behin, Atila, Orioko kontzertu batera zaldi gainean iritsi zen; «gero ezin jaitsi zaldi madarikatu hartatik!». Ohikoa zuen zerbaitekin sartzea kontzertura, taldekideak sarrera jotzen ari ziren bitartean. Kontzertua bukatu zenean, musikaren munduko ekoizle bat hurbildu zitzaion, eta handik gutxira Madrildik deitu zioten. Udako orkestretarako talde bat osatu nahian zebiltzala, eta astebete Madrilera joateko, probak egitera, gastu guztiak ordainduta. Atilaren erantzuna pertsonaiaren parekoa izan zen: «Baina zer diozue? Ni elektrikaria naiz, lana daukat!». Atilak ez zuen eskaintza onartu. Kantatzea gustatzen zitzaion, baina ez zuen inoiz lanbide bihurtzeko asmorik izan.

Anekdotak, noski, ez ziren hor amaitu. Zestoako gaztetxean jotzeko deitu zietenean, Atilak zalantzak izan zituen. «Gaztetxe batean gaztelaniaz kantatzen badut, ostikoka botako gaituzte». Baina kontzertua iritsi zen, eta sarrera argi-zuzi batekin egin zuen, kapa jantzita. Giroa bikaina izan zen, eta handik aste gutxira berriro deitu zieten. Bigarren aldian, goitibehera bat prestatu zioten gaztetxera iristeko. Hainbeste maite zituzten, gaztetxea itxi zutenean seme kutun izendatu zituztela. Berria ireki zutenean ere eurek eman zuten lehen kontzertua. «Gaztetxeetan asko jo dugu. Ez dakit nola ez gaituzten behin baino gehiagotan egurtu», dio Atilak.

Ordiziako gaztetxeko urteurrenean, berriz, antolatzaileek zer behar zuten galdetu zioten Atilari. Berak moto bat eskatu zuen. Antolatzaileek baietz esan zioten, arazorik gabe. Kontzertuaren egunean, ordea, bi lagun etorri zitzaizkion, larrituta: «Ez dugu aurkitu motorik. Galdezka ibili gara han eta hemen baina inork ez daki zer hartzen duzun; ez dakigu zer den moto hori». Atila zur eta lur gelditu zen: «Moto bat! Brum-brum…». Orduan etorri ziren algarak. «Ez da posible! Gu erotu beharrean denei galdezka eta…». Azkenean lortu zioten motoa. Gidaria goitik behera larruz jantzitako emakume bat zen, eta herrian barrena ibili ziren bueltaka argi-zuzi eta guzti, gaztetxera sartu aurretik.

Burgosen ere izan zituzten gorabeherak. Kubaren aldeko CCOOren kontzertu batera joan ziren autobusez, Amarozko lagunekin eta ingurukoekin batera. Lokala gainezka zegoen, eta dena bikain zihoan. Ohikoa zuen moduan, Atila jendearen artera jaitsi zen, denak kalera atera zituen, eta kalejiran joan ziren lokaletik herrira. Baina itzuli zirenean, bildutako diru guztia desagertu zen. «Gu kanpoan ginen bitartean lapurtu egin zuten. Azkenean, denok diru pixka bat jartzen amaitu genuen».

Beste batean, Burgosen bertan, argindar arazoak izan zituzten. Sorgailuak ez zuen behar adina potentzia, eta Atilak, elektrikaria izanik, konponbidea aurkitu zuen: Iberdueroren postera joan eta argindarra hartu. Une horretan, herria bermutaren ordurako jaisten hasi zen. «Jendea kalean eta gu hantxe, postetik argi indarra lapurtzen». Gaueko ikuskizunerako, berriz, beste sarrera bat prestatu zuten: errekatik piraguan jaistea. «Errekan gindoazela, jendea oihuka ikusten nuen. Zeinen jatorrak! pentsatu nuen. Baina ez, buelta emateko esaten ari ziren, presa bat zegoela eta segidan buelta emateko, bestela gureak egingo zuela».

Inprobisazioa eta talde lana

Horrelako pasadizoak kontatuta, erraza da Atila y los Unos umorezko ikuskizun huts gisa irudikatzea. Baina taldekideek argi dute ez dela hori bakarrik. Kuadrilla gisa hasi ziren, bai, baina denborarekin musika talde sendoa osatu zuten. Lozanoren hitzetan, «ordu asko sartu ditugu, asko-asko». Jendearen aurrean sortzen zen kaosak bazuen oinarri bat: taldeak elkar ezagutzen zuen, eta elkarrekin jotzen ikasi zuten. Atilaren inprobisazioei eusteko, atzekoen lana ezinbestekoa zen. «Nik egiten dudana egiteak ez du ezertarako balio, hauek atzean ondo jotzen ez badute», dio Atilak. «Jendeak beti esan izan digu taldeak izugarri jotzen duela».

Atilak publikoarekin duen harremana ere ez da kasualitatea. Kontzertuaren hasieran jendearen jarrera aztertzen du, eta, giroa hotz badago, bere lana handitu egiten da. Ez zaio axola oholtzatik jaitsi behar izatea, ikusleen artean sartzea edo kontzertua kalejira bihurtzea. Musikaren eta publikoaren arteko distantzia desagerraraztea da haren helburua. «Jabirekin kontzertua eman behar genuen lekura joaten ginen bi egun lehenago. Herria, giroa, kaleak… dena aztertzen genuen, gero eguna iristean zeren inguruan abestu jakiteko», gogoratzen du Atilak.

Taldeak ez du inoiz arrakasta komertziala helburu izan. Lozanoren hitzetan, ez dute diruagatik edo famagatik jo, eta haien ingurune naturala mugimendu alternatiboa izan da. «Kuadrilla bat izan gara, eta gurekin koherenteak ziren gauzengatik jo dugu. Jendearen berotasuna jasotzea nahikoa zen». Horregatik, agian, hainbeste urtez iraun dute: ez zutelako kanpoko arrakasta baten beharrik, elkarrekin egotea eta publikoarekin sortzen zen harremana zen ordainsari handiena.

Taldearen ibilbidea 1980ko hamarkadako gaztetxe mugimenduarekin lotuta dago. Atila y los Unos mugimendu alternatiboaren barruan sortu zen. Taldearen izaera bereziak, ordea, ez zuen eragozten kideen artean aldaketak egotea. Urteak joan ahala, gazteagoak sartu ziren, eta taldea osatzen zuten pertsonak ere aldatu egin ziren. Baina hasierako filosofia mantendu zuten: askatasuna, umorea eta elkarrekin sortzeko gogoa.

Atilak ez du ezkutatzen taldeak berari eman diona. «Onartu behar dut taldeak asko eman didala. Kideengatik, eta sartu diren gazteengatik ere bai. Ni ez nintzateke berdina izango; ziurrenik obrei begira egongo nintzateke orain. Inoiz ez naiz zahar sentitu, eta horrek asko eman dit: gaztetasuna».

Lau hamarkadaren ostean, oholtzak uzteko unea iritsi zaiola uste du. Ez du, ordea, atzera begiratzen damuaren zamarekin. Bizitza osoa elektrikaria izan da, eta musikak beste mundu bat eskaini dio: jendea ezagutzea, herriz herri ibiltzea, bere burua probatzea eta, batez ere, barre egitea.

Jabi Otxoa, falta den txinparta

Taldea estudioan, erabat ezohiko irudia.

Taldearen historian bada beste izen bat, elkarrizketan behin eta berriz agertzen dena: Jabi Otxoa (Tolosa, 1960-2009). Jabi Otxoa funtsezko kidea izan zen, ez musikalki bakarrik, baita taldearen harreman sarean eta izaeran ere. «Bere heriotza guretzat kolpe handia izan zen», diote taldekideek. «Jabi egon izan balitz, taldeak beste bilakaera bat izango zukeen. Kontzertu gehiago izango genituen. Txinparta bera zen; berak eramaten zuen taldea. Musikaren munduarekin harremana berak zuen, eta fama ona zuen. Ondo moldatzen zen denekin, bere dendan mesedeak egiten zizkien guztiei. Gaitasun izugarria zuen musikalki; orain haren anaiak dauka gaitasun hori», gaineratzen du Atilak.

Jabi Otxoaren galera soinean, taldeak aurrera egin zuen, baina haren hutsunea ez zen desagertu. Zuzeneko DVD bat grabatzeko asmoz zebilen Jabi Otxoa, Bonberenearekin batera. Eduki nahi zuen kontzerturen bat grabatuta, oroitzapen gisa. Horretan zebilela joan zen. Zuzeneko hori, ordea, ez zen bertan behera geratu, eta Otxoaren omenaldi gisa egin zuten grabaketa. Galdera, Lozanok plazaratu zuen: «Baxua nork joko du? Ba 30 edo 40 baxu jotzaile azaldu zitzaizkigun. Kanta bakoitzean baxu jotzaile berri bat sartzen zen. Kantarik gabe geratu ginen, eta batzuk jo gabe geratu ziren. Oso berezia izan zen kontzertu hura».

Bonberenea, azken geltokia

Bonberenea aipatzen denean, Atilak errespetuz hitz egiten du. Tolosako gune alternatibo horrek taldeari jarraitzeko aukera eman dio, batez ere Otxoaren heriotzaren ondorengo urte zailetan. «Bonbereneak aurrera egiten lagundu digu. Aukera asko eman dizkigute, eta, batez ere, Jabi hil ondoren. Txapela kentzen dugu urte hauetan guztietan izan duten jarrerarekin».

2004tik hona Bonberenean egin izan dute urteko azken kontzertua. Ohitura bilakatu da, eta horregatik, han emango diote ibilbideari amaiera. Abenduaren 26an, 19:00etan, izango da hitzordua. Ordua ere ez dute kasualitatez aukeratu: «Gure zaletuak ezagututa, ordu egokia dela uste dugu».

Anoetako Cheyenneko kontzertu jendetsua.

Publikoa askotarikoa izan da urte hauetan guztietan. Oso gazteak etorri izan dira, baita helduak ere. Taldearen kontzertuetara joan direnak ez dira beti belaunaldi berekoak izan, eta horrek erakusten du Atila y los Unosen izaera ez dela garai jakin batera mugatu. Umorea, zuzeneko indarra eta ezustekoak ez dira zahartzen hain erraz.

Azken kontzerturako zer prestatu duten galdetuta, Atilak ez du sekretu handirik argitu nahi. Jatorrietara itzultzeko asmoa aipatu du, eta urte hauetan eurekin egon den jendea gonbidatuko dutela ere bai. Gainerakoa, esan bezala, ezustekoa izango da. «Ez dut gehiago esango, jendea ezustean harrapatzeko».

Lau hamarkada, 150 kontzertu inguru, hamaika herri eta ziento bat istorio. Kuadrilla bat izan dira, musika jotzea gustatzen zitzaion lagun talde bat, eta oholtzan gertatzen zena bizitzako beste atal bat bihurtu dute. Horregatik, agurra ere ez dute drama bihurtu nahi. Atilak badaki noiz iritsi den garaia, eta ez du bere burua behartuko. «Ez badut oholtzan gustura egoteko indarrik, alde egin behar dut. Ez naiz arrastaka ibiliko».

Abenduaren 26an, Bonberenean elkartuko direnek ez dute amaiera soil bat ikusiko. Taldearen historian parte hartu duten musikariak, Otxoaren hutsunea, gaztetxeetako gauak, herriz herriko pasadizoak eta publikoarekin eraikitako harremana egongo dira bertan.

Atila y los Unos taldeko kideak

1985 (Lehen formazioa):

Jesus Prados ‘Atila’ – abeslaria.

Jabi Otxoa – baxua.

Edorta Tolosa – gitarra.

Cadi Cid – gitarra.

Xabi Lozano – bateria.

1986 – Roberto Prados Rototones taldean sartzen da.

1987 – Koldo Otxoa teklatuetan sartzen da.

1988 – Iñaki Ruiz eta Marco Segurola sartzen dira, biak gitarretan.

1990etik aurrera – Cadi, Edorta eta Marco taldea uzten joan ziren.

2009 – Jabi Otxoa hil zen, taldeko funtsezko pieza.

2009-12-09 – Jabi Otxoari omenaldia Bonberenean, abesti bakoitza baxu-jotzaile desberdin batek jo zuen.

2010 – Zalantza askoren ondoren, oholtzan jarraitzea erabaki zuten, Igor Oiarbide baxu-jotzailearekin.

2012 – Koldo Sainz gitarra-jotzaile gisa sartu zen taldean.

2025 – Igorrek eta Koldok taldea utzi zuten. Natalia Garmendia baxu-jotzaile gonbidatu gisa animatu zen.

Historian zehar hainbat musikariren kolaborazioak izan dituzte, hala nola, Zigor, Eneko, Iker, Gorka, Txema…

Diskografia

1992 – Batua abestia, Martxaunandi II diskoan.

2009 – DVD-a kontzertua zuzenean, Jabi Otxoari omenaldia.

2013 – Es lo que hay eta Borda en San Blas abestiak, SPUTNIK 13 diskoan.

2017 – Atila en la caja de las maravillas, Bonberenean egindako diskoan, Aspalditik gatoz, urrutira goaz.

2023 – Bideo-klipa: Bonborenea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!