Saharako errefuxiatuen kanpalekuei laguntzeko baliabide ekonomikoak biltzea helburu duen azoka egingo du, beste behin, Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Azaroaren 5etik 8ra izango da Tolosako kultur etxean, eta askotariko produktuak egongo dira aukeran. Izan ere, herritar askok arropa, oinetakoak, liburuak eta etxeko tresnak eman nahi izaten dituzte saharar errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko, baina materiala bertara garraiatzeak kostu handia duenez, elkarteak zaila izaten du dohaintza horiek onartzea. Horregatik, bestelako bide bat proposatzea erabaki du Tolosaldea Sahararekin elkarteak: jasotako produktuak azokan salgai jartzea eta lortutako dirua kanpalekuetako behar eta ekimenetara bideratzea.
Elkarteak esan du azokak, gainera, saharar herriaren egoeraz hitz egiten jarraitzeko eta haren aldeko elkartasuna adierazteko aukera ematen duela; eman nahi duenak produktuak dohaintzan emanez lagunduko du, eta erosten duenak, berriz, saharar errefuxiatuen kanpalekuetara bideratuko den diru bilketan parte hartuz.
Tolosaldea Sahararekin elkarteak herritarrak animatu nahi ditu azaroaren 5etik 8ra Tolosako kultur etxera hurbildu, azoka ezagutu eta elkartasunez erosketak egitera. Dohaintzan emateko material erabilgarria dutenek ere egun horietan eraman ahal izango dute kultur etxera.