Aurten ere, Gure Kaiola elkarteko kideek Tolosako babarruna hobekien kozinatzen duen bikotea topatzeko lehiaketa gastronomikoa antolatu dute. Azaroaren 21eko Babarrunaren Festaren barruan antolatzen den urteroko hitzordua da, eta bertan parte hartzeko izen-ematea ireki dute. Aurtengoa 38. edizioa izango da, eta San Frantzisko pasealekuan egingo dute txapelketa. 24 bikote parte-hartzaile egongo dira gehienez, eta pasealekuan bertan jarriko dituzten postuetan kozinatu beharko dute azken edizioko saridunaren, Albizturko Alberto Labakaren, babarruna.
Izen-ematea formulario bidez egin behar da, azaroaren 10a baino lehen. 24 bikote baino gehiagok izena emango balute, zozketa egingo dute azaroaren 11n, 20:00etan. Zalantzarik izanez gero, 605 426 533 telefono zenbakira edo gurekaiola@hotmail.com helbidera idatzi daiteke.
Parte-hartzaileek kilo bat babarrun prestatu beharko dute, eta nahi dituzten osagaiak gehitu ahal izango dizkiote, baina babarrunak izan behar du osagai nagusia. 08:30ean hasi ahal izango dira babarrunak prestatzen, eta 12:30ean aurkeztu beharko dizkiote epaimahaiari.
Bost sari banatuko dituzte. Lehen sailkatuak txapelka, Kutxa trofeoa, Eroskiren gourmet produktu sorta, eta 400 euro jasoko ditu; bigarrenak Kutxa trofeoa, Eroskiren gourmet produktu sorta, eta 200 euro; eta hirugarrenak Kutxa trofeoa, Eroskiren gourmet produktu sorta, eta 100 euro. Emakume sukaldari onenaren saria ere banatuko dute aurten, eta trofeoa, Eroskiren gourmet produktu sorta, eta 100 euro lortuko ditu irabazleak. Eta bukatzeko Tolosaldeko onena ere sarituko dute; Tolosa & Co merkatarien elkartearen 100 euroko opari txartela jasoko du.