Herrien arteko lehia osasuntsua

Ekimena aurkezteko egindako prentsaurrekoan hartutako irudia. Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri Fundazioaren bidez, ‘Gipuzkoa mugituz’ ekimena jarri du abian, herritarrak gehiago mugitzera animatzeko, osasuna zaintzeko eta zahartze osasuntsua sustatzeko.

Urriaren 26tik abenduaren 15era bitarte egingo dute Gipuzkoa mugituz ekimena eta Gipuzkoako herri guztiek hartuko dute parte, zehazki liga birtual batean parte hartuko dute. Bertan, puntuak lortzeko aukera izango dute oinez ibili eta gero, bizikletaz aritu ondoren edo edozein jarduera fisiko ezberdin egindakoan. Helburua berdina da kasu guztietan: Gipuzkoa aktiboagoa eta osasungarriagoa eraikitzea.

Ekimena bereziki 55 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago; dagoeneko bizimodu aktiboa dutenei horri eusteko bultzada ematea da helburua, baita egunerokoan behar beste mugitzen ez direnei lehen urratsa ematera animatzea ere. Eider Mendoza diputatu nagusiak esan du ekimena martxan jarri den beste lurralde batzuetako esperientziek erakutsi dutela kirola ohikotasunez egiten ez duten pertsonengana ere iristeko gaitasuna duela: esperientzia horietan izena eman zuten pertsonen %36k ez zuen kirolik egiten.

Udalerri bat, talde bat

Wellk aplikazioaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak zein udalerri ordezkatu nahi duen aukeratu ahal izango du, eta bere jarduera fisikoaren bidez udalerri horren sailkapeneko emaitzak hobetzen lagundu. Ez da beharrezkoa izango aukeratutako udalerrian erroldatuta egotea: edonork eman ahal izango du izena lotura berezia sentitzen duen udalerriaren taldean, eta kilometroak erregistratu ahal izango ditu edozein lekutatik, udalerriaren barruan zein kanpoan.

Erronkak irauten duen bitartean pilatutako kilometro aktiboak puntu bihurtuko dira udalerri bakoitzarentzat. Lehia ahalik eta orekatuena izan dadin, bi koefiziente hartuko dira kontuan sailkapena osatzeko. Batetik, jarduera fisiko motaren araberako ponderazioa aplikatuko dute, egindako ahalegina puntuazioan islatu dadin: oinez edo igerian egindako kilometro batek bizikletaz egindako batek baino balio handiagoa izango du. Bestetik, udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren araberako koefizientea ere aplikatuko dute, udalerri txikiek handiekin lehia baldintza orekatuagoetan aritzeko aukera izan dezaten. Horrela, udalerri bakoitzak lortutako parte-hartzea eta inplikazioa aitortu nahi dira, biztanle kopurua edozein dela ere, Gipuzkoako edozein udalerrik liga irabazteko aukera izan dezan. Oinez ibiltzea, korrika egitea, bizikletan ibiltzea, igeri egitea eta GPS bidez neurtu daitezkeen lekualdaketak dakartzaten beste jarduera batzuk erregistratu ahal izango dira.

Horrez gain, parte-hartzea eta egindako ahalegina aitortzeko pizgarriak ere izango dira. Besteak beste, parte-hartzaileen artean zozketa bat egingo da, argitaratuko diren oinarrien arabera, eta 55 urtetik gorako herritarren parte-hartze handiena lortzen duen udalerriak berariazko aitortza jasoko du.

                                                           Aplikazioa

Parte hartzeko, Wellk aplikazioa erabili beharko da, iOS eta Android gailuetan eskuragarri dagoena. Erronkan parte  hartu nahi dutenek lau urrats hauek egin beharko dituzte:

    1. Wellk aplikazioa gailuaren aplikazio-dendatik deskargatu.
    2. Erregistratu eta erabiltzaile-profila sortu.
    3. Norberaren udalerriaren taldean sartu. Horretarako, aplikazioaren hasierako pantailan Gipuzkoa Mugituz 2026 txartela bilatu, Bat egin sakatu eta ordezkatu nahi den udalerria aukeratu behar da.
    4. Jarduera fisikoa aplikazioaren GPSaren bidez erregistratu edo Wellk aplikazioa gailu eta zerbitzu bateragarriekin sinkronizatu. Besteak beste, Garmin, Polar, Strava, Fitbit, Apple Health eta Health Connect zerbitzuekin bateragarria da.

Erregistroa osatu ondoren, parte-hartzaileek kilometroak pilatu ahal izango dituzte erronkak irauten dituen zazpi asteetan. Parte-hartzea errazteko, informazio-materialak eta aplikazioa erabiltzeko jarraibideak jasotzen dituen tutorial bat jarriko dira herritarren eskura. Zalantza teknikoak argitzeko, wellk@wellk.eus helbidera idatzi edo wellk.eus webgunea kontsultatu ahal izango da. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!