Historia aldatu duten emakumeak omentzeko helburu duen erakusketa antolatu du Tolosako Ereite elkarte kulturanitzak Zazpi Sorgin izenburupean. Aranburu jauregian dago ikusgai, eta urriaren 31ra arte egongo da zabalik; asteartetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara ikusi daiteke, eta astearte zein ostiraletan, 18:00etan, bisita gidatuak ere egingo dituzte.
Zazpi Sorgin izenburupean abiatu dute erakusketa, baina hamaika protagonistei egin die omenaldia. «Zazpia zenbaki kabalistikoa da, eta horregatik aukeratu dugu, izena erakargarriago egin dezan. Sorgin hitza, berriz, emakumeentzat beti irain gisa erabili izan delako aukeratu dugu, nahiz eta, egiaz, sendatzen zuten eta medikuntzari buruzko ezagutzak zituzten emakumeak izan. Emakumeen jardueren alde positiboa ikusi beharrean, gauza horiek guztiak haien aurka erabili izan dira beti historian», azaldu du Ereite elkarteko kide den Hector Lunak.
Eskuahaldunak Eskultoreen Elkartearen parte hartzea izan dute erakusketan, eta guztira, hamaika artistek parte hartu dute, beste haimaka pertsonai ospetsuei omenaldia eginez; besteak beste, Marie Curie, Hildegarda Bingengoa, Alexandriako Hipatia eta Virginia Woolf bezalako pertsonaia ospetsuak omendu dituzte. Artista horietako bat izan da Luna eta berak Micaela Bastidas Puyucahua omendu du. «Hamaika emakume hauek baino askoz gehiago daude erretratatzeko modukoak, baina hauek aukeratu ditugu oso ezagunak direlako eta etikaren balioak berreskuratzeko. Horrez gainera, belaunaldi gazteek gizateriaren ongizatearen alde borrokatu duten emakumeak ere egon direla jakitea nahi genuen. Emakumea beti egon da bigarren plano batean bezala, ezkutatua izan da, eta erakusketa honetan hainbat adibide ikusi daitezke», adierazi du.
Horrela, artista bakoitzak bi obra sortu behar izan ditu. «Ez genuen erakusketa plastikoan testu gehiegi jarri nahi; jendearengan jakin-mina piztea zen ideia, ondoren, horien inguruan ikertzen jarrai dezaten», gaineratu du Lunak.
Erakusketa urriaren 31ra arte egongo da zabalik Tolosako Aranburu jauregian, eta proiektuaren lekukotza uzteko katalogo birtual bat prestatzen ari da Ereite elkartea.
Ereite elkartea
Urteak dira Ereite elkartea sortu zutela Tolosan. Elkartearen helburuetako bat kulturaniztasuna bultzatzea da, eta bestetik, eskualdera etortzen diren etorkinei laguntzea. Baina Lunak dio elkartearen helburu nagusietako bat «migratzaileek euskal gizarteari ekarpena egiten diotela erakustea» dela eta gizartea horretaz ere kontzientziatu nahi dute. Horretarako, garbiketak egiten dituzte espazio publikoetan, espazio publikoak eta ingurunea zaindu eta eskualdearekiko duten konpromisoa eta integrazioa sustatzeko. Horrez gain, beren jatorrizko herrialdeetako janari tipikoen ekitaldiak ere antolatzen dituzte, eta Pintxo Tour bezalako ekimenetan ere parte hartzen dute.
Sortzaileak eta aukeratu duten pertsonaia
- Hector Luna - Micaela Bastidas Puyucahua: iraultzaile peruarra izan zen, Espainiako inperio kolonialaren aurkako independentzia mugimenduan funtsezko papera jokatu zuen.
- Elena Arrese - Marie Curie: fisikari eta kimikari aitzindaria izan zen, erradiologiaren arloan egindako ikerketengatik ezaguna.
- Blanca Sagasti - Alexandriako Hipatia: antzinaroko filosofo neoplatoniko, matematikari eta astronomo greziarra.
- Vanessa Alzate - Leonora Carrington: margolari eta idazle surrealista anglo-mexikarra, mugimendu surrealistako emakumezko figura garrantzitsuenetako bat.
- Ramon Balerdi - Aspasia de Mileto: Grezia klasikoko emakume intelektual eta filosofo garrantzitsu bat izan zen, eta Atenasko urrezko aroan eragin handia izan zuen.
- Naiara Delgado - Virginia Woolf: idazle, saiogile eta pentsalari britainiarra izan zen, eta XX. mendeko literatura modernistaren autore garrantzitsuenetako bat.
- Guillermo Olmo - Juliana Agirrezabala: Bizkaiko Irakasle Eskolan erreferente izan zen amezketarra. 1854an jaio zen eta hamar seme-alabetan bigarrena zen. Nerabea zelarik Bilbora joan zen bizitzera, familia osoarekin. Toledon (Espainia) egin zituen irakasle ikasketak, eta amaitu orduko plaza lortu zuen bertan.
- Marian Irigoien - Heba Abu Nada: poeta, eleberrigilea, biokimikaria, nutrizionista, ekintzaile feminista eta Wikipediaren laguntzaile palestinarra izan zen.
- Jurema Pelofuego - Mary Shelley: idazle, eleberrigile, dramagile eta biografo britainiarra.
- Arantxa Arratibel - Hildegarda de Bingen: Erdi Aroko abadesa beneditarra, musikagilea, idazlea eta elizako doktorea izan zen.
- J. Iñaki Ormazabal - Cecilia Payne: ingeles-estatubatuar astronomoa eta astrofisikaria izan zen, unibertsoaren eta izarren konposizio kimikoa zein zen lehen aldiz argitu zuen.