Zaintza Plana aurkezteko saioa, Topic-en

Tolosaldeko Ataria

Saio irekia izango da, eta udalak herritar guztiak gonbidatu ditu bertara.

Tolosako Udalak I. Zaintza Plana eta ongizate emozionalaren diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko ditu bihar, hilaren 20an, Topic-en, 17:30ean. Saioa irekia da, eta herritar guztiak gonbidatu ditu.

2025. urtean zaintza diagnostikoa landu zuen Tolosako Udalak, eta bertako ondorioetako bat izan zen Zaintza Plana sortzea. Plana sortzeko parte hartze prozesu bat bultzatu zuen udalak. Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen zaintza, haur eta nerabeen zaintza eta zaintzaileen zaintza jorratu zuten hainbat saiotan. Zaintzaren alorreko profesional, elkarte, boluntario eta erakundeez gain, interesa duten norbanakoek ere parte hartu zuten. Bada, plana osatu dute, eta jendaurrean aurkeztuko dute.

Ongizate emozionalaren diagnostikoaren kasuan, Tolosako Udalak herritarren ongizate emozionalari buruzko joera orokorrak ezagutzeko galdetegia jarri zuen urte honetako apirilean. 14 urtetik gorako 466 herritarrek erantzun zuten. Udalak esan duenez, diagnostiko hori abiapuntua izango da ongizate emozionala ikuspegi komunitario eta integratutik lantzeko. «Emaitzek erakutsi dute ongizatea ez dela norbanakoaren ardura soilik, eta bizi-baldintzek, harremanek, zaintza-ardurek, komunitateak eta baliabideetarako sarbideak ere eragina dutela». Bada, gaurko saioan diagnostikoaren emaitzak azalduko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!