Tolosako San Esteban auzoan kultur astea ari dira ospatzen egunotan, eta gaur izango dute festarako azken eguna. Trikitilari eta panderojoleek alaituta hasi dute goiza. Auzoko baserrietan zehar joan dira kalejiran. Tartean, baserriko atarira irten diren auzotarrekin tertulian aritu dira eta mokadu batera aukera ere izan dute. Bitartean, 7 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutako gozogintza tailerra egin dute ferialekuan. Arzak jatetxeko Lander Cornago gozogileak zuzendu du tailerra eta haur ugari animatu dira gazta tarta kozinatzera.
Eguerdian, kalejira egingo dute auzoko txarangak alaituta, eta horren ostean, bazkaria izango da; tartean, bingo musikatua egingo dute, eta atsedenean, toka txapelketa jolastuko dute.