Baionako Sutan kolektibo transfeministak protestara deitu du, bortxatu zutela salatu zuen emakume batek bere buruaz beste egin duela eta. Irailekoa da gertakaria, baina orain plazaratu da informazioa, Baionako Auzitegian ustezko erasotzailea auzipetu ondotik.
Sud Ouest egunkariak atera duen informazioaren arabera, irailaren 11n gertatu zen erasoa, Baiona iparraldeko auzo batean. 19 urteko emakumeak hitzordua jarria zuen han erasotzailearekin; ustez, droga erosteko. Sud Ouestek jasotakoaren arabera, adikzio arazo handiak omen zituen, eta erregularki erosten zion droga gizonezkoari. Behin baino gehiagotan saiatu omen zen emakumearengana hurbiltzen lehenago ere; gau hartan, eraso egin zion. Emakumeak ihes egitea lortu zuen, eta inguruko etxe batean hartu zuen aterpe, Poliziari deitu eta salaketa jartzeko.
Erasoa gertatu eta egun gutxira, bere buruaz beste egin zuen emakumeak, etxean, Angelun (Lapurdi). Lehenago ere saiakera bat baino gehiago egindakoa omen zen.
Ustezko erasotzailea 36 urteko gizonezko bat da, eta Baionako presondegian dago, behin-behinean. Drogaren eraginpean sexu eraso bat egin izana leporatuta ari dira ikertzen.
Sutanek argi du: «Hau erailketa matxista bat da», adierazi dute ohar batean. «Justiziak eta sistemak babesik gabe utzi dute. Berriro ere salatzen dugu egitura patriarkalen konplizitatea eta erantzukizuna». Sutanek nabarmendu du indarkeria matxistak pertsona bakar bati bizia kentzea ere «gehiegizkoa» dela.
Bada, Sutanek deitutako protestarekin bat egin du Tolosaldeko Itaiak, eta mobilizatzera deitu du gaurko. 19:00etan izango da ekitaldia, Euskal Herria plazan. Adierazi dute indarkeria matxista amaitzeko «urgentziazkoa» dela borrokatzea.