43 urte bete ziren atzo GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosarrak Baionan bahitu zituenetik. Donostiako La Cumbre jauregira eraman zituzten, eta han galdekatu eta torturatu. 1983ko urriaren 15ean bi gazteak Baionan egon ziren, eta 00:30 aldera, jada hilaren 16an, Tonneliers kalean bakarrik ikusi zituztenean kotxerantz joaten, eraso egin zieten, immobilizatzea lortu eta euren autoetan sartu; eta, haiek ezkutatuta, muga pasatu eta Donostiako La Cumbre jauregira eraman zituzten. Espainiako Barne Ministerioaren esku geratu zen jauregia, eta Lasa eta Zabala galdekatzeko eta torturatzeko gune bilakatu zuten, Busotera (Herrialde Katalanak) eraman eta hil aurretik. Lasa eta Zabala izan ziren GALen lehen biktimak.
43. urteurren honetan ere, herritarrek gogoan izan dituzte Olarrainen, egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko egindako ekitaldian. Aitor Mendiluzek hiru bertso bota ditu, agurra dantzatu dute, eta, azkenik, lore eskaintza egin diete Lasa eta Zabalaren irudiei. «43 urte, urte asko dira. 43 urtetan gauza asko gerta daitezke, eta gertatu dira memoriaren aferan», adierazi dute. Gogora ekarri dute duela 18 urte nola debekatu zuten urteroko oroimen ekitaldia: «Negazionismoaren garaia zen. Kontakizuna zen batzuk hiltzen zuten eta besteak hiltzen ziren; tortura atxilotuek asmatutako gauza bat zen; eta alde bateko hildakoak oroitzea debekatua eta jazartua zegoen».
Urteen poderioz, kontakizun hori «pitzatu» egin dutela nabarmendu dute. Gaur egun inork gutxik ukatzen du tortura existitu dela, estatuak gehiegikeriak burutu zituela. Oraindik zenbaitzuk beraiena ez den kontakizuna ukatzen jarraitzen duten arren, ukaezina da garaiko kontakizun ofizial hori pitzatzen hasiak garela, pixkanaka iristen ari diren aitortzekin ikusten ari garen moduan». Esan dute dagoeneko Euskal Herrian 700 lagun inguru aitortu dituztela torturaren eta estatu indarkeriaren biktima gisa. «Nahi baino mantsoago bada ere, urratsak ematen goaz. Estatuak, gatazkan izan duen ardura oraindik aitortu ez badu ere, herri honek badaki zer egin duen. Negazionismoaren harresia guztiz erausten amaituko dugu».
Azkenik, herriak bakea eta askatasuna lortu ditzan, exijitu dute gertatu zenak «argitara atera» behar duela eta eragin den minak «aitortza» behar duela. «Joxik eta Joxeanek aitortza zintzoa behar dute, Naparrarekin gertatu zena argitu beharra dago, Gerra Zikina, torturak, eta oro har, errepresioak eragin duen mina aitortu, erreparatu eta berriz ere ez gertatzeko bermeak behar dira. Horixe da herri honen determinazioa etorkizunerako».
La Cumbre, hizketagai
La Cumbre hizketagai izan da azken egunetan Donostiako Udalean. Jon Insausti Donostiako alkateak esan du proposamen bat egingo duela La Cumbre «motibazio politikoko indarkeriari buruzko artxibo, ikerketa eta dibulgazio zentro» bihurtzeko, eta EH Bilduk salatu du jauregiaren lagapena ez dela gauzatu lau urteren ostean, Donostiako Udalaren «borondaterik ezagatik».