Asteklimaren hiru ekitaldi hartuko ditu Tolosak

Tolosaldeko Ataria

Gaurtik urriaren 25era izango den Euskadiko Klima eta Energiaren Astearekin bat eginaz, zinema, argazkilaritza eta hezkuntza uztartzen dituzten hiru ekitaldi egingo dituzte Leidorren.

Asteklimaren zazpigarren edizioa egingo dute urriaren 25era bitarte, eta Tolosak hiru ekitaldi hartuko ditu urriaren 21ean, guztiak doan, eta Leidor aretoan.

Asteazkenean, hortaz, ozeanoen kontserbazioa sustatzea helburu duen Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren barruko bi ekintza egingo dituzte: batetik, 10:30ean, Txikizikloa egingo dute haur eta gazteei itsas ingurunea gerturatzeko eta naturarekiko errespetua sustatzeko, eta bestetik, 19:00etan, munduko argazkilari eta bideogile onenen esperientziak biltzen dituzten lan zinematografikoak ikusi ahal izango dira. Hirugarren ekitaldia ingurumen-hezkuntza eta itsasoarekiko konpromisoa sustatzearekin du zerikusia. Tailer bat egingo dute 17:00etatik 19:00etara, eta bertan  Eusko Jaurlaritzaren Aztertu programaren bidez, informazio gune bat jarriko dute, eta doako materialak eskainiko dituzte herritarrak ingurune urtarra ezagutzera eta zaintzera hurbiltzeko. Azken ekitaldi hori Leidor zinemaren aurrean egingo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!