Palestinaren Astea ekimenaren barruan hainbat ekitaldi egingo dituzte azaroaren 6tik 14ra. Egitasmoak Palestinari elkartasuna adieraztea eta haren egoeraren inguruko kontzientzia zabaltzea ditu helburu, eta gaur egun Tolosan bizi diren Nur Abusama eta Ahmed Haddak palestinarrek antolatu dute, herriko zenbait musikariren, eragileren eta udalaren laguntzarekin.
Astebeteko egitarauan hainbat jarduera antolatu dituzte, horien artean, kontzertuak, proiekzioak, hitzaldiak eta haurrentzako tailerrak herriko zenbait tokitan. Bestalde, Palestinaren historia, kultura eta gaur egungo egoera ezagutarazteko saioak egingo ditu Nur Abusama eta Ahmed Haddad palestinarrek osatutako Ruh Duo bikoak ikastetxeetan; horretarako, zuzeneko musika emanaldiak egingo dituzte. Saioak Herrikiden, Laskorainen zein Orixen egingo dituzte DBH-4. mailako ikasleekin; eta azken saio bat ere egingo dute ikastetxe guztietako batxilergoko ikasleekin, hain zuzen, Palestine 1936 ikus-entzunezkoa proiektatuko dute Leidorren.
Azaroaren 14an egun osoko egitaraua egingo da astea biribiltzeko. Goizean, elkartasun merkatu palestinarra izango da Triangulo plazan. Horrez gain, 11:00etatik 13:00etara, herriko musika taldeak eta kantariak Tolosako kaleetan ibiliko dira, besteak beste, Udaberri dantza taldeko dantzari eta musikariak, txistulariak, Isidro Larrañaga musika eskolako trikitilariak arituko dira. Kalejira amaitutakoan, 13:00etan, Plaza Zaharrean elkartuko dira denak, soka dantza egiteko eta abesteko. Bukatzeko, 21:30ean, afari solidarioa egingo dute Fronton jatetxean, eta Palestinako zein Euskal Herriko gastronomia uztartuko dituzte.
Lehen hitzordua, azaroaren 6an
Aipatutako ekimena azaroaren 6an hasiko da, hain zuzen, Leidor antzokian egingo duten kontzertuarekin. Oholtza gainean izango dira, besteak beste, Janus Lester, Maixa, Mirua, Olaia Inziarte eta Ruh Duo; eta sarrerak salgai daude dagoeneko Leidorren eta Interneten.
Goiuri Ezeiza Tolosako kultura zinegotziak herritarrei dei egin die Palestinaren aldeko astean antolatu diren jardueretan parte hartzera. Halaber, Ezeizak gogoratu du Tolosako herriak salatu duela azken hiru urteetan palestinarrek pairatzen duten genozidioa, eta «ildo horri eustera» datorrela ekimena. Era berean, eskerrak eman dizkie antolatzaileei ere, «lan nekaezina» egiten dutela-eta palestinarren alde.
Palestinaren Astea
- Azaroak 6, ostirala.
- 20:30. Leidor aretoa. Palestinaren aldeko kontzertua.
Janus Lester, Maixa, Mirua, Olaia Inziarte, Ruh Duo eta gehiago. Antton Telleria (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Juantxo Zeberio Etxetxipia (teklatuak eta musika-zuzendaritza), Jon Arruebarrena (saxoa), Hussein Al Rob (darbuka), Miren Zeberio (biolina)
- 20:30. Leidor aretoa. Palestinaren aldeko kontzertua.
- Azaroak 7, larunbata.
- 10:00-12:00. Trianguloa
Eraildako umeen oroimenez, ekarri zapata-pare txikiak plazara. - 17:00. Leidor aretoa. Haur eta familientzako kontzertua.
Xirribit. Euskal Barrok Ensemble, Laskorain abesbatza eta gonbidatuak.
- 10:00-12:00. Trianguloa
- Azaroak 9, astelehena.
- Goizez. Ikastetxeetan. Palestinaren inguruko hezkuntza eta elkarrizketa saioak DBHko 4. mailako ikasleekin, Herrikiden eta Laskorainen.
- 19:00. Leidor aretoa. Palestine 1936 filmaren proiekzioa eta solasaldia.
- Azaroak 10, asteartea.
- Goizez. Ikastetxeak. Palestinaren inguruko hezkuntza eta elkarrizketa saioak DBHko 4. mailako ikasleekin, Orixen.
- 18:00. Andragora, Emakumeen Etxea. Palestinar emakumeekin elkarrizketa-zirkuluak.
- Azaroak 11, asteazkena.
- 11:00. Leidor aretoa. Tolosako ikastetxeetako batxilergoko ikasleentzako proiekzioa: Palestine 1936.
- 20:00. TOPIC aretoan, hitzaldi-solasaldia: Teresa Aranguren, Mikel Ayestaran, Nur Haddad.
- Azaroak 12, osteguna.
- Iluntzean. Pintxopote palestinarra herriko tabernariekin elkarlanean.
- Azaroak 13, ostirala.
- Goizez. Triangulo plaza. Ikastetxeetako haurrentzat (10 urte / LH 4) palestinar arte eta kulturan oinarritutako margo eta eskulan jarduerak.
- Azaroak 14, larunbata
- Goizez. Triangulo plaza. Elkartasun-merkatu palestinarra: postuak bertako produktuekin, tailerrak, janaria, bilgunea, Zananna murgiltze-instalazioa…
- Goizez. Herria. Musika eta elkartasuna Tolosako kaleetan zehar: Herriko musika talde eta kantariak Tolosako kaleetan ibiliko dira palestinar herriaren omenez. Partaideak: Udaberri dantza taldeko dantzari eta musikariak, herriko txistulariak, Isidro Larrañaga musika-eskolako trikitilariak, Hodeiertz abesbatza…
- 13:00. Plaza Zaharra. Musikari eta herritarrak elkartu, eta sokadantzaren bidez, elkartasuna adieraziko zaio herri palestinarrari.
- 21:30 Fronton jatetxea. Afari solidarioa palestinar eta euskal sukaldaritza uztartuz.