Kale mozketak, Arramele zubiko lanak amaitzeko

Tolosaldeko Ataria

Bi aldiz etengo dute zubiko joan-etorria: urriaren 20tik 23ra, eta urriaren 26tik azaroaren 8ra.

Abuztuaren amaieran hasitako Arramele zubiko lanak bukatzeko, trafikoa moztuko dute datozen bi asteetan. Asteartetik ostiralera, urriak 20-23, egingo dute lehen mozketa, eta urriaren 26tik azaroaren 8ra bigarrena. Trafikoa gauez moztuko dute, 22:00etatik 06:00etara, eta Arriaran gasolindegiko biribilgunetik hasi eta Santa Klarako Izaskungo igoerarainoko tartean izango da.

Urriaren 20tik 23ra, Tolosara sartzeko N-I errepideko beste sarbideak erabili beharko dira. Beste noranzkoari dagokionez, Santa Klaran, Izaskungo igoerara bideratuko dute trafikoa. Larramendiko bizilagunak auzora sartu ahal izango dira, baina ezin izango dituzte zeharkatu berritzen ari diren Arramele zubia zein aldameneko biribilgunearen eremua.

Urriaren 26tik azaroaren 8ra, berriz, ibilgailuen noranzkoak biribilguneak lotzen dituen hiru kaleetara mugatuko dituzte. Larramendi kaletik zubia zeharkatu eta Rondillara soilik joan ahalko da; eta Ibaiondo kaletik, berriz, Larramendira. Gainerako noranzkoak itxita egongo dira. Behin-behinean eta epe horretan, aldaketak izango dira garraio publikoan ere: iparraldetik edo Donostia aldetik datozen autobusak Rondillatik joango dira, eta Zumarditxikiaren aldamenean dagoen Santa Klarako geralekua bertan behera geratuko da, horrenbestez. Santa Klarako beste aldeko geralekuak normaltasunez funtzionatuko du; autobusa Ibaiondo kaletik Larramendira sartuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!