Hiru tolosarrek Txindokin bide berri bat ireki zutela, 75 urte

Josu Artutxa Dorronsoro

Txindoki mendia, Zaldibiako San Saturnino ermitaren atzean. Argazkia: Donosti City.

1951ko urriaren 21ean ipar-mendebaldeko ertzaren aitzindari izan ziren Joxe Arrate, Jose Mari Peciña eta Antxon Saenz de Basagoitia omenduko dituzte asteartean kultur etxeko areto nagusian, 19:00etan hasiko den ekitaldian.

1949ko azaroaren 7an, Jose Mari Peciña eta Antxon Saenz de Basagoitia mendizale tolosarrek, Jaume Reñe eskalatzaile kataluniarrarekin batera, Txindokira ipar-mendebaldeko ertzetik igotzeko saiakera egin zuten. Tolosarrak oso mendizaleak ziren, baina jakinduria gutxi zuten eskaladari buruz; Reñek erakutsi zizkien sokak erabiltzeko teknikak. Bederatzi orduz aritu ziren eskalatzen, baina haizete indartsu batek ezerezean utzi zuen erronka.

Urtebete beranduago, lanak bukatzeko helburuarekin itzuli ziren. Orduan, Joxe Arrate tolosarra joan zen Reñeren ordez, eta Irurak Bat izena jarri zioten taldeari; hirurak ziren Tolosa Club taldeko kideak. Historia errepikatu egin zen, ordea. Eskalatzen hasi eta zazpi ordu eta erdira, ekaitzak ekidin zuen tolosarren saiakera, aurreko urteko leku berean.

Mendizale eta eskalatzaile ugari erakartzen zituen Txindokiko ipar-mendebaldeko ertzak, baina inor ez zen ausartzen gailurrera bertatik igotzen. Tolosarrak 1951ko urriaren 21ean itzuli ziren hirugarren aldiz. «Erotuta zaudete. Bide horretan ahuntzak ere ez dira ibiltzen», esaten zieten zenbait tolosarrek. Eskalatzaileek, ordea, asmoarekin jarraitu zuten. Bidean, artzain batek esan zien arratsalderako euria iragarri zutela, eta beldurtu egin ziren, hirugarren aldiz erronka bertan behera utzi beharko zutelakoan.

Argazkia: Tolosako Udala.

09:30ean hasi ziren eskalatzen. Eremua ezagutzen zuten, eta abiadura bizian egin zituzten lehen metroak. Eskaladako zati ezezaguna hasterako, Amezketako San Bartolome elizako kanpai hotsek 12:00ak zirela iragartzen zuten. Zatirik konplexuena gainditzea falta zitzaien. 20 metroko bidea egiteko, bi ordu baino gehiago behar izan zituzten, baina geroz eta gertuago ikusten zuten ertzaren amaiera, eta, ondorioz, erronka betetzeko aukera. Lainoen mehatxua sentitzearekin batera, erritmoa bizkortu zuten, eta oihu eta irrintzi artean heldu ziren tontorrera. Txartel bat utzi zuten buzoian, honako mezuarekin: «1951ko urriaren 21ean, 14:45ean». Bost ordu pasatxo behar izan zituzten ertza eskalatzeko.

Hala, Aralar mendilerroko tontor ezagunera iritsi ahal izateko bide berri bat ireki zuten euskal mendizale eta eskalatzaileentzat. Geroztik, asko izan dira Txindokira bertatik igo direnak, baita inguruko mendietan bide berriak ireki dituztenak, azken hamarkadetan areagotu egin baita eskaladarako zaletasuna. Gaur egun, plaka batek Txindokiko ertzaren hasiera adierazten du, tolosarren omenaldi gisa.

Asteazkenean 75 urte beteko ditu aitzindari izan ziren hiru tolosarren lorpenak, eta Angel Lerma eta Migel Angel Bermudez tolosarrek ekitaldi berezia prestatu dute astearterako. Irurak Bat taldeko kideak omenduko dituzte kultur etxeko areto nagusian. 19:00etan hasiko da saioa, eta hiru lan proiektatuko dituzte.

Argazkia: Smithyren Bloga.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!